Gaur hasiko da BBK Live jaialdia

uriola.eus 2022ko uzt. 7a, 11:53

Gaur eta larunbatera arte 100 artista baino gehiago igaroko dira Kobetamendiko zazpi eszenatokietatik. Bestalde, hirian doako hamaika kontzertu egongo dira lau agertokitan banatuta. Urteroko doako autobus erabili ahalko dira, eta berrikuntza gisa, jaialdira igotzeko aurre-erreserbadun autobusak egongo dira. 

Bilbok dena prest dauka BBK Live jaialdia beste urte batez aurrera eramateko. Pandemiaren ondorioz 2019az geroztik ez da ospatu, eta indarrez bueltatu da bere XV. edizioa ospatzeko. LCD Soundsystem, Stromae, The Killers, M.I.A. eta J Balvinen emanaldiek, besteak beste, 75 herrialde baino gehiagotako 100.000 entzuletik gora erakarriko dituzte Kobetamendira. Zazpi eszenatokiek, Arraizeko kanpinean egongo den beste batek eta hiriko lauek musikaz blaituko dute hiria uztailaren 7an, 8an eta 9an.

Jaialdia gaur hasten bada ere, Arraiz mendiko kanpinera atzo heldu zirenei ongi etorria eman zien jaialdiak inaugurazio festa batekin. Manci eta Gazzi DJek haien musika jarri zuten 20:00etatik 01:00era. Hurrengo egunetan goizetik arratsaldera egongo dira kontzertuak kanpinari giro berezia emateko. DJ-ak eta musika elektronikoa izango dira nagusi.

BBK Live-k bere musika hirira hedatuko du Bereziak programazioaren bitartez. BBK aretoan, San Miguel Areatzan, Cinzano Albia lorategian eta Vueling Isozaki agertokiak 11 kontzertu eskainiko dituzte dohainik herritar guztientzat uztailaren 7, 8 eta 9ko eguerdietan. Goxua'n Salsa ostegunean, Jordi Évoleren Los Niños Jesus, La Plazuela eta Merina Gris ostiralean eta Ramonets, Soleá Morente, Rosa Pistola, Mainline Magic Orchestra, Vic Mirallas eta Soledad Vélez larunbatean. 

Atzo, asteazkenean, lehen ilarak ikusi genituen San Mamesen jaialdiko eskumuturrak eskuratzeko. Athletic-en zelaian eta BEC-en larunbatera arte egongo da zabalik zerbitzua 10:00etatik 02:00etara, eta BBK Aretoan gaur 15:00ak arte hartu ahalko dira. Izan ere, ezinbestekoa izango da sarrera eskumuturrekoengatik trukatzea esparrura sartzeko eta autobusera igotzeko. Jaialdiaren esparruan ezin izango da halakorik egin. Eskumuturreko hauek cashless funtzioa izango dute eta online edo esparruan bertan kargatu eta soberan geratzen zaien zenbatekoa bueltatu ahalko da.  

Autobusak

Aurten, berrikuntza gisa, autobusez igotzeko bi aukera egongo dira. Lehenengoa, betikoa izango da; doakoa. BEC-etik eta San Mames ingurutik aterako dira etenik gabe asteazkeneko 12:00etatik, uztailak 6, igandeko 15:00etara, uztailak 10. Bueltatzeko ere autobusak egongo dira. Kanpinera joateko autobusak egongo dira 24 orduz.

Beste aukera aurre-erreserbadun autobusak izango dira. Igotzeko bakarrik izango dira (Felipe Sarrete kaletik) eta 1,5€-ko kostua izango dute. Ostegunetik larunbatera 16:00etatik 23:00tara funtzionatuko dute eta 30 minutu aurrerago errerbatu behar dira webgunetik edo app-etik.

Zerbitzu bereziak 

Jaialdiak erakarriko duen jende masari ahalik eta zerbitzu onenak eskaintzeko prestatu da hiria. Metroak zerbitzu berezia eskainiko du ostegun gauean, gaur, 23:00etatik 03:00etara eta ostiralean eta larunbatean gau osoan egongo dira metroak ohikoa den moduan. Bestalde, jaialdiak iraungo duen hiru egunetan greban dauden metroko langileak lanuztea egingo dute 19:00etatik 21:00etara. 

Taxiak 08:00etatik 16:00etara bidaiariak utzi ahal izango dituzte jaialdiaren esparrutik gertu eta ordu horretatik aurrera Beyenako fabrika zaharraren inguruan. Autobusak gelditzen diren leku berean. Tabernek ere ordutegi berezia izango dute eta lokalak bi ordu beranduago itxi ahal izango dituzte uztailaren 7tik 9ra.