EVA FERREIRA, EHU-ko ERREKTOREA

“Garrantzitsuena da jendeari ulertaraztea unibertsitate publiko batek zer eskaintzen duen”

Nerea Cubillo Urkizu 2022ko uzt. 17a, 08:00

Argazkiak: Ecuador Etxea

2021eko urtarrilean izendatu zuten Eva Ferreira (Barakaldo, 1963) Euskal Herriko Unibertsitateko errektore. Ibarrekolandan bizi da eta horregatik eta EHUko bigarren emakume errektorea izateagatik elkarrizketatu dugu ekaineko PREST! aldizkarian. Errektore gisa dituen ideia eta kezken inguruan aritu gara batez ere berarekin.

Pandemia amaitutzat ematen den honetan, nolako eragina izan du zure ustez Koronabirusak Euskal Herriko Unibertsitateko gestioan? Langile asko telelanean ari dira oraindik.

Hasieran oso zaila izan zen hainbeste lan ezberdin kudeatzea. Hala eta guztiz ere, asko harritzen nau unibertsitate-komunitateak ikasketak eta noski, kudeaketa bera ere  eguneratzeko izan duen gaitasuna. Era berean, esan behar dut online formakuntzara egokitu ginen bezala ohitu garela ikasturte honetan presentzialtasunera. Euskal Herriko Unibertsitatea unibertsitate presentziala da.

Hala eta guztiz ere, pandemian sortutako joera batzuk oraindik mantentzen dira. Administrazio kontuetarako aurretiazko hitzordua eskatu behar izatea adibidez. Datorren ikasturtean horrela mantenduko da?

Pandemia garaian hartutako neurri guztiak aldatzen goaz pixkanaka-pixkanaka. Badira hala ere modu online batean egin daitezken kontuak eta horiek mantendu behar direla uste dut. Idazkaritzak zabalik daude presentzialki zerbitzuak emateko eta berriz azpimarratuko nuke formakuntzari dagokionean gure unibertsitatea presentziala dela.

Euskararen erabilerari dagokionez, azken egun hauetan berriz entzun ditugu medikuntzako ikasleen salaketak gradua osorik euskaraz ikasi ezin izateagatik. Nola ikusten duzu?

Azken urte hauetan, Galdakaoko ospitalea txertatu dugu gure sisteman euskara bultzatzeko helburuarekin. Ondorioz, ikasle askok praktikak euskaraz egin ditzakete hitzarmen berri honi esker…  Badira salbuespenak, adibidez mediku espezialista euskaldun batek baja hartzen duenean, euskaraz hitz egiten ez dakien beste mediku espezialista batek ordezkatzen duenean. Era berean, arazo hau nolabait belaunaldi berrietako medikuekin konpondu daitekeela aurreikusten dut, gero eta mediku euskaldun gehiago baitaude. Gainera, badakit hauen artean ere irakasleak egongo direla. Dena dela, medikuntzako gradua gaztelaniaz eta euskaraz banatzen da euskarazko ikasketak babesteko.

Ikertzaile batzuek “diskriminazio linguistikoa” salatu dute C1 maila eskatzen zaielako. Euskaraz jardun behar den lanpostu guztietan maila bera eskatzen da?

Ez. Administrazioko eta zerbitzu profesionaletako langileei adibidez maila baxuagoa eskatzen zaie. Hurrengo maila batean ikertzaileak eta irakasleak kokatzen dira. Noski, euskaraz irakasteko euskara maila eskatzen dugu, baina momentu honetan esango nuke ikertzaileei ez zaiela profil linguistiko zehatzik eskatzen.

Deustualdera etorrita, unibertsitate pribatuetako eskaintza hazkunde betean dago. Zorrotzaurre planaren baitan, ikasketa zentro pribatu asko zabaldu dituzte azkenaldian Deustuko Erriberan. Gasteizen berriz, EUNEIZ proiektua aurrera doa. Nolako eragina izan dezake horrek EHUko ekosisteman?

Guretzat garrantzitsuena da jendeari ulertaraztea unibertsitate publiko batek zer eskaintzen duen. Eta noski, eskaintzen dugun horrek duen kalitatea ere baloratzen jakitea garrantzitsua da. Jende guztiarentzako eskuragarri dauden datuek ere hori islatzen dute, eta “rankingek” ere postu onean kokatzen gaituzte. Beraz, nire aholkua litzateke eskaintza guztiak aurrean jarri eta alderatu eta ostean erabaki bat hartzea.

“Medikuntzako gradua gaztelaniaz eta euskaraz banatzen da euskarazko ikasketak babesteko”

Zertan ezberdintzen dira orduan zure ustez, unibertsitate publikoa eta pribatua?

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea naizen aldetik, bata eta bestea alderatu beharrean nahiago dut azaldu unibertsitate publiko bat zer den. Eta berriz, unibertsitate pribatu baten definizioa unibertsitate pribatu bateko errektore batek egin dezala… . Gure unibertsitateak oso ezaugarri bereziak ditu nire ustez. Alde batetik publikoa da eta ondorioz, edozeinek dauka sarbiderako eskubidea, gutxieneko ikasketa gaitasunak beteta, noski. Arazo ekonomiko zein fisikoak nire ustez ez dira oztopo EHUn gradua ikasi ahal izateko. Publikotasun horretaz gain, eskaintza oso zabala daukagu eta horrek jeneralista bilakatzen du. Gizarte zientziak, arte ederrak, osasun zientziak… denetarako eskaintza dago eta arlo guztietako ikasketak eskaintzeaz gain, badira ere oso eskaintza espezifikoak.

Publikotasun hori bermatzeko, zer du zure ustez Euskal Herriko Unibertsitateak hobetzeko?

Askotan esaten dut, ez bakarrik unibertsitatean baizik eta orokorrean, beti daudela gauzak hobetzeko. Gaur egun, gure graduko formakuntzak oso egonkorrak izan behar dira gizarteari nolabait esateko gure eskaintza ere egonkorra dela, eta guraso zein ikasleen artean nahasmendurik ez sortzeko komeni da urte batzuk lehenago denek jakitea gure graduek zer eskaintza duten, eta agian horregatik ematen dira hain aldaketa gutxi. Eskaintza urtez urte aldatu ez arren, badira berrikusten ditugun kontuak. Graduondoko formakuntzek oraindik badute zer hobetu nire ustez, urtero gizartearen, enpresen eta erakundeen eskaerak aldatuz doaz, eta guk eskaera horiei aurre egin beharko geniekeela uste dut.

Genero indarkeriari dagokionean, badago horrelako erasoak saihesteko tresnarik?

Genero indarkeriari aurre egiteko protokolo bat dago martxan EHUn. Protokolo honen helburu nagusia da erasotuari laguntza eskaini eta babesa bermatzea. Salaketa jartzeko laguntza ere eskaintzen dio protokoloak. Oro har pausu ezberdinak ditu, baina eraso baten berri dugunean oso diskretuki egiten dugu lan. Sinplea baina aldi berean eraginkorra dela deritzot.

“Edozeinek dauka Euskal Herriko Unibertsitatean sartzeko eskubidea”

Zientzia arlora salto eginda, ohikoa da ikerlari askok estatutik kanpora joatea ikerkuntzan jarduteko. Nola bermatu daiteke ikerlariak bertan geratzea beste herrialde batzuetara joan beharrean?

Guretzako garrantzitsuena truke bat mantentzea da. Oso ondo iruditzen zait ikerlari gazteak beste herrialde batzuetara joatea. Ni Estatu Batuetara joan nintzen eta denbora batera itzuli nintzen. Posible da joatea eta denbora batera bueltan egotea, posiblea da ere bai bertan geratzea, eta posiblea da ere bai kanpoko ikertzaileak gurera etortzea. Garrantzitsuena da fluxu bat egotea. Hau esanda, oraindik fluxu hori positiboa izateko lanean gabiltza, hau da, guk ere ikertzaile gehiago jasotzea.

Zer egin daiteke fluxu hori positibo bilakatzeko?

Ikerlariak Euskal Herrira etortzea nahi badugu, eskaintza oso erakargarria izan behar da. Baina ez bakarrik unibertsitatean, enpresetan, erakundetan eta beste hainbat zentroetako eskaintza hobetu beharko litzateke.

“Ikerlariak Euskal Herrira etortzea nahi badugu, eskaintza oso erakargarria izan behar da”

Zientziaren lege berriak ikerketako, garapeneko eta berrikuntzako langileei baliabide, eskubide eta egonkortasun gehiago emango dizkie. EHUk egin du dagoeneko horren aurreikuspena?

Lege berri honek malgutasun handia emango digu kontratuak egiteko adibidez. Ikerketaren arloa orokorrean hobetzeko bi gauza hartu behar dira kontuan, kontratuak hobetzea alde batetik, eta bestetik azpiegitura berriak lortzea, administrazio publikoa garen aldetik oso estuak direla uste dudalako. 

SAKONEAN 

 

“EHUren historian errektore emakume bati lekukoa hartzen dion lehen emakumea naiz” 

Urtebete egin duzu dagoeneko Euskal Herriko Unibertsitateko errektore gisa. Nola joan da azken urte hau?

Bikain. Aurreko ikasturtean oso emaitza onak lortu genituen eta harrotasunez esaten dut unibertsitateko komunitate guztia arazorik gabe egokitu dela azken urteetako egoera berrietara.

EHUren 40 urteko ibilbidean bigarren errektore emakumea zara. Nola hartzen da hori?

Gustatuko litzaidake hori albiste bat ez izatea, baina ezin da ukatu nahigabe ere albistea bilakatzen dela… Nekane Balluerka izan zen Euskal Herriko Unibertsitateko lehen emakumezko errektorea baina ni naiz emakume bati lekukoa hartzen dion lehen errektorea (barreak). Nekanerekin beti txantxa bera egiten dut.