Antzerki eta arte eszenikoek kaleak berreskuratuko dituzte Aste Nagusian

uriola.eus 2022ko uzt. 11a, 14:27

Abuztuaren 21etik 28ra 18 ikuskizun egongo dira Gas Plazan egunero, 13:30ean eta 21:15ean, eta Txikigunean 19:30ean, Casilda Iturrizar parkeko Pergolan. Horietako bi bilbotarrak izango dira eta beste zortzi Euskadikoak. Aste Nagusiko jarduera "baloratuenetako bat" clown, dantza eta umore ikuskizunekin bueltatuko da. 

Gas Plaza eta Casilda Iturrizar parkeko Pergola kaleko antzerkiaren eta Arte eszenikoen eszenatoki bihurtuko dira Aste Nagusian. 17 konpainiak 18 ikuskizun eskainiko dituzte Aste Nagusian. Panpotx eta Eidabe konpainia bilbotarrak arituko dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste zortzi konpainia hurbilduko dira Aste Nagusira, Itziar Urtasun Udaleko jai zinegotziak azaldu duen moduan: "Euskal konpainien aldeko apustua egin dugu gure antzerkian oso presente egoteko". Estatuko seik eta nazioarteko bik osatuko dute programazioa. 

Ikuskizunak abuztuaren 21etik (igandea) abuztuaren 28ra (igandea) izango dira. Gas plazan bi emanaldi egongo dira, 13:30ean eta 21:15ean, eta 50 minutu inguruko iraupena izango dute. Casilda Iturrizar parkeko Pergolan umeei zuzendutako ikuskizunak izango dira 19:30ean. "Jaialdi oso bat izango da. Atal txalotuenetako bat izango da berriro", aipatu du Urtasunek.

Orotariko programazioa

"Maila handiko kartela daukagu", goraipatu du jai zinegotziak. Eidabe konpainia bilbotarraren Gora bihotzak! eta Nüshu, bost emakumez osatutako Cía. Capicuaren lanak estreinatuko dira. Circo Social-Zirkòlika Sarien 2021eko II. Edizioan saritutako MUR konpainiak (Katalunia) De tú a tú  ikuskizuna aurkeztuko du. 

Muntaia berezienetarikoa Vaiven Circoren (Andaluzia) Esencial ikuskizunean egongo da, elementu eszeniko berezi gisa Waldorf ostadar jostailua duelarik. Markeliñe euskal konpainiaren Psike kez eta pirotekniaz betea beste eszenaratze harrigarrienetako bat izango da. Eszenografia ikusgarri horiei Double Take Cinematic Circus batuko zaie, Jump cut lanarekin. 

Euskal konpainien alde

"Ikuskizun hauek sektorean errekonozimendu handiagoa lortzeko balio dute", azaldu du Itziar Urtasunek. Horregatik, beste behin ere, euskal konpainiak nagusi izango dira antzerki eta arte eszenikoen programazioan aurtengo Aste Nagusian. Programazioa igandean hasiko da Txikigunean 19:30ean Eidabe konpainiaren Gora bihotzak! lanarekin.

Umeentzako izango dira batez ere euskal konpainien lanak baina Gas Plazan ere bere lekua izango dute. Horietako lehena Ganso Y Ciaren Panoli kabareta izango da abuztuaren 22an 13:15ean. Gaur, saio osoaren zati bat aurkeztu dute hurbildutakoen aurrean. Itziar Urtasunek programazio begiratu, gustuko duen ikuskizuna erabaki eta disfrutatzera animatu du jendea. Programazio osoa hurrengo estekan ikusi daiteke.