Aste Nagusia hurbil dago eta Konpartsak berotzen hasi dira. Inauterien eta Kapela egunaren ostean Konpartsakide Eguna helduko da Bilboko kaleetara. Jaiak hasteko bost asteren faltan, 2019tik ospatzen ez duten eguna ospatuko dute, eta horretarako egun osoko programazio girotsua prestatu dute. Areatzan emango dute eguna, Aste Nagusian konpartsak jartzen diren leku berean hain zuzen ere.
Goizari hasiera emateko, 11:30ean pintxo txapelketa antolatu dute, eta horrekin batera ogi dastaketa egingo dute. Tripa betetzen jarraituko dute 12:00etatik aurrera. Baserriko piper eta tomate banaketa egingo dute eta txikientzako jolasak prestatuko dituzte. Janaria 12:30ean dastatu ahalko den ardoarekin batera irentsi ahalko da.
Bi ordu beranduago, pintxo txapelketaren sari banaketa izango da, eta 15:00etan, aldiz, konpartsen arteko bazkaria. Hura girotzeko bingo musikatua egingo dute 15:30etik aurrera, eta egunari amaiera musika gehiagorekin emango diote, Motxaila elektrotxarangaren eskutik.
Aste Nagusiko lehen kontzertuak
Apurka-apurka bada ere, konpartsa batzuk jaietako kontzertuak iragartzen hasi dira. Horietako bat Algara konpartsa izan da, eta bederatzi kontzertu argitu ditu jada. Igandean, abuztuak 21, Akatz eta Skabidean taldeek joko dute Ska gauan. Astelehenean, Bon Scott Revival Show eta Los Platero-ren txanda izango da. Willis Drummondek eta Arimak joko dute abuztuaren 23anm eta hurrengo egunean Niña Coyote eta Chico Tornado eta McOnak taldeek. Azkenik, Zea Mays iragarri dute ostegunerako.
Kontzertuak argitu dituen beste konpartsa Otxarkoagako Pa...Ya izan da. Aspaldiko partez, Havana 537-k joko du. DJ Bull konpartsaren egitarauko parte izango da beste behin ere. Pa...Ya konpartsakide gazteen egunean OstiKda elektrotxarangak kaleak girotuko ditu. Los demenciales chicos acelerados, Ekorbutoren omenezko taldea, igoko da oholtzara, eta Maixa eta Malakias etorriko dira ostean. Azken bi aurrerapenak Mozkor Alaiak talde bilbotarra eta umeentzako 1,2,3...FESTA! diskofesta izan dira.