Ertibil, Bizkaiko sorkuntza artistikoaren lagin ibiltaria

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko uzt. 15a, 11:28
Ertibilen 40. edizioaren aurkezpena, hautatutako hainbat artista ageri direlarik (Argazkia: BFA)

Aurtengoa 40. edizioa du arte bisualen programak, eta gorabidean dauden bertako artisten lanak lurraldeko hainbat herritan ikusgai jarriko dituen erakusketa mugikorra inauguratu zuten atzo. Ohi bezala, Bilboko Rekalde aretoan izango da lehenengo geldialdia, eta urriaren 12ra arte bisitatu ahal izango da bertan.

   

         

Hiru saridunen lanak, hurrenez hurren: Clotted Cream (A. Zubizarreta), Luchinismo. Serie I (L. Pedregal) eta Tres Satori (M. de Dios)

Alazne Zubizarreta izan da aurtengo irabazle nagusia, Clotted Cream lanari esker. Zuri-beltzeko grabatuen multzoa da arrasatearrak egin duena. Bigarren saria Lucía Pedregalek jaso du, Luchinismo. Serie I argazkia aurkeztuta; azkenik, Mar de Dios barakaldarrari eman dio epaimahaiak hirugarrena, buztinez egindako Tres Satori eskulturengatik. Horri esker, Japonian egonaldi artistikoa egiteko aukera izango dute hirurek, eta diruzko sari bana ere jasoko dute, gainerako hautatuek bezala.

Izan ere, aitortza berezi hori jaso dutenez gain, beste 15 artistaren lanak aukeratu dituzte edizio honetan. Bada, Bilboko nahiz Bilboaldeko hainbat artista aurki daitezke tartean: aurrez aipatutako Mar de Dios, Izaskun Araluzea, Maider Gonzalo, Beñat Krolem, Mireya Moral, Mikel Serna eta Diego Vivanco. Guztira 70 sortzailek hartu dute parte, antolatzaileek azaldu dutenez.

         

 

        

Atzo iluntzean egin zuten inaugurazio ekitaldiak bisitari ugari izan zituen

Aipagarria da hainbat formatu batu dituela 2022ko Ertibilek: ikus-entzunezkoak, argazkiak, margolanak, eskulturak, tapizak… Horiek guztiek, Bilboko aretoan egon ostean, Basaurirako bidea hartuko dute, eta ondoren Arrigorriagaren, Santurtziren eta Balmasedaren txanda izango da. Datorren urteko urtarrilera arte ibiliko da erakusketa hara-hona.  

Yaldebereren erakusketa Barriek programan

Ertibileko lanek Irantzu Yaldebere deustuarraren erakusketarekin partekatuko dute Rekalde Aretoa. Foru Aldundiaren Barriek programaren baitan hautatu zuten, eta abuztuaren 28ra arte egongo da ikusgai Violets for your fur. Bioletak zure azalerako. Edo, laburrago esanda, Violets. Argazkigintzaren bidez osatu du Rekalde aretorako bilduma, eta euskarri fisikoan nahiz diapositiba-proiekzioetan erakusten ditu bere egunerokoarekin lotura estua duten irudiak.

                           

“Violets, zenbait pertsonaren oroitzapena da, mito bilakatua eta argitaratua. Era berean, gorde nahi ditudan pertsona eta gauzen argazkiak ere badira. Deliberoa hartu dut egunero egin ohi dudanari (argazkiak egiteari) jendaurreko erantzuna emateko eta gertakizunaren erdigunean kokatzeko”; halaxe hasten da Yaldeberek erakusketa horren harira prestatutako testua.

Aipatzekoa da Bartzelonako Halfhouse espazioan bi hilabeteko egonaldia egiten ari dela une honetan Yaldebere, zentroak Eremuak programarekin daukan lankidetza proiektuaren baitan hautatu baitzuten.