Bizkaiko garbiketa hitzarmenaren aurreakordioa lortu dute sindikatuek

uriola.eus 2022ko uzt. 18a, 11:40

UGT, CCOO eta LAB-ek 2021-2024 urteetarako aurreakordioa sinatu dute. %13ko igoera jasotzen du eta 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzen du 15 ordainsaritan. Gainera, KPIaren araberako soldata-igoera gehigarria bermatzen du. 

Hainbat greba egunen ostean Bizkaiko Eraikin eta Lokalen garbitzaileak hitzarmenerako aurreakordioa lortu dute. UGT, CCOO eta LAB-ek 12.000 pertsona baino gehiagori eragingo dion akordio bat lortu du ASPEL eta ASELBI patronalekin. Lau urtetarako sinatu da eta %13ko igoera izango du langileen soldatak. 

Igoera %1ekoa izango da 2022 urterako, urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin eta %2ko bigarren igoera bat uztailaren 1etik aurrera. 2023rako, soldata-igoera %2koa izango da urtarrilaren 1etik aurrera eta %3,5eko bigarren igoera uztailaren 1etik aurrera. 2024rako, garbitzaileen soldata urtean 18.000 eurokoa izan arte igoko da. Beste baldintza batzuk ere jasotzen dira ostiralean sinatutako aurreakordioan. KPIen ehunekoen batuketak emaitza handiagoa emango balu, soldatek %2ko igoera osagarria izango lukete. Gainera, batzorde espezifiko bat sortuko da bakanteen estaldura arautzeko helburuarekin. Honek lanaldi partzialak luzatzeko aukera eskainiko du. 

LAB pozik agertu da lortutako akordioarekin: "Ez da gatazka txikia izan, multinazional handien aurkako borroka izan da, eta garaipen honekin aurreakordio bat lortu da Bizkaian 12.000 langile baino gehiagorentzat". Ia 30 urte zeramatzan kolektiboak grebarik egin gabe eta berriz kokatu dira lehen lerroan aurten. Azken hilabeteetan enpresatako okupazioak, trafiko-mozketak, kateatzeak eta itxialdiak burutu dituzte. 

UGTko ordezkariak aurreakordioa sinatzearen "garrantzia" azpimarratu dute "milaka langile sektoreko hitzarmen baten estaldurarik gabe ez uzteko eta haien soldata-igoerak saihesteko". LABek bere aldetik aurreakordioaren edukia sindikatuko oinarrietara eraman eta horiek bermatzen badute, hurrengo bileran hitzarmena sinatuko luketela azaldu du.