Euskal kulturaz beteko da Aste Nagusia

uriola.eus 2022ko uzt. 18a, 13:46

Txistulariak, gaiteroak, bertsolariak, erraldoi eta buruhandien kalejirek, herri kirolak, pilota partidak, dantzak eta traineruak kultura hurbilduko dute Bilboko kaleetara. Abuztuaren 21etik 28ra egun osoko programazioa izango dute ekintzek eta hilaren 24an, asteazkena Herri Kiroletako Emakumearen Eguna izango da.

Aste Nagusi osoan zehar Bilbo Euskal Folklorearen eta Herri Kirolen erdigune bihurtuko da ehun jarduera baino gehiagorekin. Euskal kulturaren alderdi guztiak indartu eta zabaltzeko apustua egin nahi du Udalak ikusleei Euskal Herriko historia eta ohiturak gertutik ezagutu ahal izateko. "Elkar ezagutzea eta ezagutu gaitzatela" izan da Itziar Urtasun jaietako zinegotziak. 

Eskaintza kulturala izango denaren lehen erakustaldia egin dute gaur aurkezpenean. Garikoitz Otamendik bere musikarekin girotu du aurkezpena. Onintza Enbeita bertsolaria eta Karmele Gisasola harri-jasotzailearekin batera aurkeztu dute egitaraua. "Kalean bertan, hiriaren bihotzean, Alde Zaharrean, hitzorduak, egunero, irisgarriak eta askotarikoak izango dira… erakustaldiak, alardeak, kalejirak, kontzertuak… eta euskara eta emakumea izango dira protagonista”, adierazi du Urtasunek.

"Nortasuna, kultura eta tradizioak balioan jartzea" da Udalaren helburua zinegotziak azaldu duen moduan. Goizez, arratsaldez eta gauez gozatu ahalko dute herritarrak. Eskaintza hori egunero hasiko da igandetik hasita, 10:00etan txistulari eta gaiteroekin Zazpi Kaleetan zehar. Zortzi erraldoi eta buruhandi lekukoa hartuko dute 11:00etan eta haien egun handia abuztuaren 28an izango da. 10:30ean Euskal Herriko hainbat herritako erraldoiak kontzentratuko dira. EGun berean Txistularien Alardea egingo da 13:00etan Plaza Berrian. 

13:00etan Santiago plazan bertsolariak egongo dira egunero. Bestalde, Bilbotarrak taldearen eskutik etorriko diren Bilbainadak Alde Zaharreko tabernak girotuko dituzte. Era berean, Bilbainada gehiago egongo dira Casilda Iturrizar parkean 12:00etan eta Udal Musika Banda, egunero 12:00etan Areatzako kioskoan. Ostiral handian, abuztuak 26, 13:00etatik aurrera, XXI Albokarien tropela izeneko kalejira hasiko da Arriaga plazatik. 

Dantzak arratsaldetan helduko dira Plaza Berrian 19:00etatik aurrera, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak, erakustaldiak, erromeriak, Larrain Dantza eta alardeak eskainiko ditu egunero abuztuaren 21etik 28ra. Unerik ezagunenetako bat abuztuaren 23an, asteartea izango da. kalejira, fandangoa, jota, balsa, bolera, kateak edo bikoteak batzen dituen Larrain dantza egingo da Plaza Barrian 20:00etan. 

Kirolak

Herri kirolen txanda goizean izango da, abuztuaren 24tik 27ra. 12:00etan izango da Arriaga plaza. Lehenengo eguna, asteazkena, herri kiroletako emakumearen eguna izango da. Abuztuaren 25ean, Pentatloi lehiaketa, abuztuaren 26an, 2022 Urrezko Aizkolarien Txapeldunen liga eta 50 kiloko txingekin Desafioa Euskadiko azken bi txapeldunen artean. Azkenik, hilaren 27an, sei taldek parte hartuko dute Lasto Jasotzean eta Lasto Botatzean, Ingude Jasotzean, eskorga-jokoan eta Harri-zulatzaileen Ligan.

Erripa kaian dagoen pilotalekuan, Aste Nagusiko Euskal Pilota txapelketa jokatuko da. Azken asteburuan izango da ostiraletik, igandera. Emakumezkoen eta gazteen mailakoak; eskolarteko Bizkaiko neska-mutilen artekoak; Joko Alai Tourreko lehiaketakoak senior mailan; eta Bizkaiko klubetako pilotari beterano federatuen artekoak jokatuko dira. 

Traineru lehiaketak ere, Itsasadarrera bueltatuko dira. Udalak, Deustuko Arraun Elkartearekin batera, bi estropada antolatu ditu abuztuaren 21ean, igandean. Lehen proba, Emakumeen Bilboko V Ikurrina 2022 Traineru Ligako Estropada, 11:45ean izango da eta Jarraian, aurten XLIII. edizioa beteko duen Bilbo Hiria Estropadaren txanda.