Txikigunea, planetaren salbamendu gunea

uriola.eus 2022ko uzt. 24a, 09:00

Abuztuaren 21etik 28ra 0 eta 12 urte bitarteko umeek elkartasuna, aniztasuna, berdintasuna, jasangarritasuna eta antzeko balioak landuko dituzte 33 jardueraren bitartez. Lau gunetan banatuko da barrutia, eta puzgarriak, sormenezko ludoteka, irakurketa-gunea, magia, birziklatze-tailerrak eta mozorroak izango dituzte, besteak beste.

Casilda Iturrizar parkea Txikigune bihurtuko da beste behin ere aurtengo Aste Nagusian. Ume eta familientzako topagunea izango da eta NBEren 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak izango ditu ardatz eta umeek erronka ludiko-pedagogikoen bitartez landuko dituzte erronka hauek. 33 jarduera izango dira guztira lau gunetan eta egunero 19:30etik aurrera Antzerki eta Kaleko Arte Eszenikoen agertoki finkatuko da. 

Hilabete bat baino gutxiago falta da Aste Nagusirako, eta gero eta ekintza eta egitarau gehiago argitaratzen ari dira. Azkenengoa Txikigunea izan da. Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak aurkeztu du, eta izango dituen berrikuntzak aurkeztu ditu: "Planetan eragindako hondamendiak prebenitzeko, konpontzeko eta, batez ere, horien gainean jarduteko interesa duten guztiak bilduko ditugu, eta antolakuntzaren aldaketaren eta eraldaketaren Agente aktibo bihurtuko ditugu".

B-Agentzia eskola Casilda Iturrizar parkean instalatuko da eta bertan parte hartzen duten umeek B agente titulua lortuko dute. Ezagutza, trebetasun, balio eta batez ere, hiriaren garapen jasangarrian laguntzeko ahaldunduko dituzten trebeziak eskuratuko dituzte. Txikiguneak 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara irekiko ditu ateak.

Jarduera guztiak 

Ekintzak bi taldetan banatuko dira. Alde batetik, 0 eta 3 urteko bitartekoentzat: Hareagailu Interaktiboa, Txiki Laboratory izenekoa edota Oxizeanoa izango dituzte zentzumenak estimulatzeko. Energia gastatzeko, berriz, Experiteka psikomotrizitate zirkuitu erraldoia, edota Plankt-on, koloretako bolak dituen igerilekua. 

Beste alde batetik, 3 eta 12 urtekoentzako ekintzak egongo dira. Hauek Garapen Jasangarriko Helburuak lortzea ahalbidetuko duten jarrerak garatzearen garrantzia landuko dute. Ura protagonista izango duten puzgarriekin jolastuko dute, elkarlanean arituko dira zurezko jokoekin, birziklatutako materialekin ontzi bat eraiki eta grabitatearekin esperimentatu ahal izango dute ohe elastikoetan salto eginez.

Bestalde, adin guztietarako ekintzak egongo dira, hala nola makillaje tailerrak, irratia, ipuin kontalariak, eraikuntza jolasak eta photocall bat. Bilbobuseko geltokiak ere protagonismoa izango du antzerki ikuskizun batekin, 12:30ean, eta 18:00ean eta 16:30ean Bilbobus bat eraikitzeko tailerra egongo da. Hori guztia, abuztuaren 21etik 27ra. Gainera, Euskaltelek bizikletaren erabilera bultzatzeko tailerra prestatuko du 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat.

Antzerki eta Kaleko Arte Eszenikoen agertoki bihurtuko da arratsaldero 19:30etik aurrera. Eidabe, “Gora bihotzak!” obrarekin; Chirs-iris, “Gap of 42” lanarekin; Akelar, “TNT” ikuskizunarekin; eta Circo Los, “Kasumay” emanaldiarekin. Era berean, Panpotxen “Arin arin erbiaren abenturak”; Hutsun + Ortziren “Txalaparta hutsa” eta Tippiaren “Plas & Co” ere ikusi ahal izango dira. Gainera Umeen Adiskideen Hiriko Txu Txu trena martxan jarriko da. 25 minuturo eramango ditu pertsonak txikigunera. 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:30era Ernesto Erkoreka Plazan eta Euskadi Plazan geratuko da.

Egitarau osoa hurrengo estekan eskuratu ahalko da.