Bilboko Udal Etxebizitzen esleipen programa berria kritikatu du EH Bilduk

uriola.eus 2022ko uzt. 21a, 16:26

Konponketa txikiak behar dituzten etxebizitzak eskainiko zaizkie obren zenbatekoa aurreratzeko konpromisoa hartzen dutenei. Etxebiden izena emanda dauden urtean 21.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten, eta, gutxienez, 3 urteko erroldatzea duten 55 urtetik beherako guztiei. Alderdi subiranistak programak "desberdintasunetan sakontzen" duela salatu du. 

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak Etxebizitza Komunitarioa proiektua onetsi zuen atzo, errentariek etxebizitzaren mantentze-lan jasangarrietan parte hartzeko helburuarekin eta, horrela, erabiltzaileen erantzunkidetasuna sustatzeko. Pograma horretan konponketa-lan txikiak behar dituzten etxebizitzak eskainiko dira. Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziaren esanetan "badirudi helburua udal-etxebizitzen parkearen mantentze-lanak finantzatzea dela, berezko aurrekonturik ezean”.

Programa honen bidez etxebizitza bat eskuratu ahalko dute ohiko esleipen bidean zain egonda baino azkarrago. Urtean 21.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrerak dituztenek programan parte hartu ahalko dute. Alba Fatuarteren ustez eskatzaile gehienen ezaugarriekin "ez dator bat": "Udal-etxebizitzetan izena emanda duten ia 10.000 pertsonetatik % 10ak baino gutxiagok aitortzen du errenta hori". Lehentasunezko arretako kolektiboei eragiten diela gaineratu du. 

Fatuartek programa "hausnarketarik eta aldez aurreko eztabaidarik gabe" jarri dela gaitzetsi du. Alderdi subiranistaren esanetan "“desberdintasunetan sakontzen du eta esleipen sistema okertzen du, Bilbon etxebizitza bat behar duten pertsonen artean desoreka sortuz”.

Alternatiba gisa 50 udal-etxebizitzak baldintza onetan jartzeko eta behar bezala esleitzeko aurrekontuetan beharrezko partida bideratzea proposatzen du Fatuartek. EH Bilduk "programa hori bertan behera utz dezan eta Bilbon udal-etxebizitza bat behar duten pertsonen artean desberdintasunik sor ez dezan" eskatu dio Udal ETxebizitzen arloko arduradunari. 

Zazpi urteko kontratuak egitea aurreikusten du programak epea luzatzeko aukerarekin. hilean 450 euro, logela bakarreko etxebizitzetarako (pertsona bat edo bi); hilean 500 euro, logela biko pisuetarako (gehienez, hiru pertsona), eta hilean 550 euro, hiru logela dituzten etxeetarako (gehienez ere, lau lagun).