Grebek jarraituko dute Bizkaiko metalean patronalak negoziazioa blokeatzen jarraitzen badu

uriola.eus 2022ko uzt. 22a, 13:51

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuak balorazio "oso ona" egin dute hiru greba egunak "benetako indar erakustaldia" izan baitira. FVEM patronalarekin hurrengo bilera irailaren 13an egingo dute eta negoziazioa desblokeatzen ez bada greba gehiago izango direla argitu dute.

Ekainaren 23an, 30ean eta uztailaren 1ean Bizkaiko metalgintzako sindikatuek deitutako hiru greba egunen balorazioa egin dute gaur. LAB-eko Iratxe Azkueren arabera greben emaitza "oso ona" izan zen. "Sektoreko enpresen ekoizpena gelditu egin zen eta kaleak beteta egon ziren. FVEM patronalak berak ere onartu du greben jarraipena 2019koa baino handiagoa izan dela".

Arrakasta horren harira zorionak eman dizkie Azkuek grebak egin zituzten langileei, goizeko 5:00etatik piketeetan parte hartu zuten langile guztiei. Greben arrakasta handia izan arren FVEM patronalarekin 10 bilera egin dituzte eta Marta Ayala CCOO-ko kideak azaldu duen moduan patronalak plataforma bateratuaren 17 puntuak "erabat baztertzen ditu": "Soldata igoera proposamenak oso txikiak dira, eta oraindik ere elementu erregresiboak sartu nahi ditu baja osagarrien eta malgutasunaren arloan".

Hurrengo bilera irailaren 13an izango da baina Ayala ez da oso baikor agertu: "Sektoreko KPIen eta lan karga handien testuinguruan, eta irabazietan dauden enpresen kasuan, litekeena da FVEMek negoziazio mahaian eduki garrantzitsurik ez emateko posizio berean jarraitu nahi izatea". Hori horrela bada, sektoreko borrokak jarraitu behar duela eta ekoizpena geldituko dutela argitu du CCOO-ko kideak. 

Abisua Eusko Jaurlaritzari

Iratxe Azkue grebetan izandako oztopoez gogratu da gaurko agerraldian: "identifikazioak, atxiloketak, salaketen eta isunen mehatxuak, porrazoak, greba batzordeak bere lana egin ahal izateko eragozpenak...". Horren inguruan Eusko Jaurlaritzari galdetu nahi izan dio ea "beste behin ere, patronalaren alde" kokatuko ahal den. Eskubideak defendatzeagatik inongo langilerik "ez errepresaliatzea" eskatu dute.