Azken 7 ikasturte hauetan gutxi gorabehera, Berbaizuko bazkide batek euskarazko oinarrizko klaseak eskaini ditu Ecuador Etxeak Deustun duen lokalean, gogoa zuenak euskararekin harremanetan hasteko. Saioetan, herrialde ezberdinetako 8-10 lagun elkartu dira azken urte hauetan, ariketa dinamiko ezberdinen bitartez euskara ikasi eta Euskal Herriko kultura gehiago ezagutzeko asmoz. Eskaintza hobetzeko asmoz, HABEren AISA programa abian jartzeko eskaera egin dio Berbaizu Euskara Elkarteak Matxintxu euskaltegiko kideei, eta hala egingo dute irailetik aurrera.
Etorkinak euskarara hurbiltzeko edota euskalduntze prozesuan barneratzeko harrera ikastaroa da AISA. Helburu horrekin, 2004tik harrera ikastaro linguistikoak antolatu dira hainbat tokitan. Harrera-ikastaro horiek Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkinentzat (estatutik kanpokoak) diseinatu dira bereziki. Hiru eragileek adostu dutenaren arabera, 60 orduko ikastaroa izango da, dena ondo bidean 2022ko urrian hasiko dena. Gainera, ikasle bakoitzak gehienez halako bi ikastaro egin ditzake. Izen emate ofiziala Matxintxu Larrako AEK euskaltegietan gauzatu beharko dute ikasleek irailean, hala eta guztiz ere, Berbaizu Euskara Elkarteak izen emate horretan laguntzeko prestutasuna agertu du aurretiaz zerrenda osatzen eta matrikularako lagungarria izango den informazio guztia eskaintzen.