Finantza entitateek Euskaraldian parte hartuko dute beste behin ere

uriola.eus 2022ko uzt. 28a, 13:29

Sei banketxetako ordezkariek agerraldia egin dute beren erakundeetan hizkuntza ohiturak aldatzea xede izango duen ekimenarekiko atxikimendua adierazteko. Udazkenean egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta oraindik martxan dago entitateek arigune edo euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten eremu gisa izena emateko epea.

Bankoa-ABANCA, BBVA, CaixaBank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxa entitateetako ordezkariak izan dira gaur goizean Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitzan egindako aurkezpen ekitaldian. Haiekin batera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak hartu du hitza, baita Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok ere.

Azken honek nabarmendu du ohitura aldaketak lortzeko helburaren baitan ezinbestekoa dela konpromiso zehatzak hartzea, besteak beste, entitateek euskararen erabilerarako gune erosoak sortzeari, zabaltzeari eta ikusgarri egiteari dagokienez: “Gure egunerokoan erabiltzen ditugun zerbitzuetan euskaraz lasai eta eroso aritzeko espazioak eskaintzen zaizkigunean, euskararen erabilera areagotu egiten da”. Zupiriak, aldiz, gogorarazi du joan den asteko gobernu batzordean Eusko Jaurlaritzak ere ekimenarekin bat egin zuela entitate kolaboratzaile gisa. Hortaz, aurrerantzean ariguneak identifikatzeari ekingo diote, azaldu duenez. Bestalde, nabarmendu du finantza erakundeek ordezkatzen duten esparruak “eragin handia” duela gizartean eta entitateen arteko nahiz herritarrekiko harremanetan zubiak eraikitzeko balio duela.

Gaurko ekitaldian parte hartu duten banketxe guztiek aurreko edizioetan ere eman zuten izena, eta horietan bizi izandakoa nahiz gerora egin dituzten hausnarketak partekatu dituzte. Laboral Kutxaren izenean aritu den Nuria Agirrek, esaterako, zehaztu du 500 lankide baino gehiagok hartu zutela ahobizi edo belarriprest rola, eta 150 arigune baino gehiago sortu zituztela.

Bankoa-ABANCAko euskara koordinatzaile Ana Urkizak, bestalde, bi hitzetan laburtu nahi izan du Euskaraldian parte hartzeak erakunde horri ekarri diona: naturaltasuna eta onarpena. Hala, aipatu du erakundeak euskara sustatzeko egindako ahaleginari ikusgarritasuna eman diola ariketak, eta horrek, era berean, ekarri duela bezeroek aintzat hartzea bulegoak euskaraz aritzeko direla. Erakundearen baitan ere dinamikak naturalki txertatzen joan direla nabarmendu du.

Kutxabanken ordezkari Jaione Lamy ere ildo beretik mintzatu da, azpimarratu baitu Euskaraldiaren ariketa “esperimentaziorako aterki” gisa bizi izan dutela.

Nolabaiteko inflexio puntua izan zen 2020ko edizioa Nafarroako Rural Kutxan ere, Iratxe Sainzek azaldu duen bezala: “Euskaraldiak jarrera aldaketa bat ekarri zigun, bai gizartean eta baita Rural Kutxan”. Horri esker, besteak beste, erdalduntzat jotzen zituzten lankideekin euskaraz jarduteko aukerak ireki zitzaien eta, gainera euskararen arloko lantaldea eratu zuten.

Igor Goienetxe CaixaBankeko Negozio arloko zuzendaria da, eta adierazi du erakunde kataluniarra Euskal Herrira iritsi zenez geroztik euskararen normalizaziorako lan egiten dutela. “Konpromisoa ez da paper batean geratu behar”, gaineratu du.

Azkenik, BBVAren ordezkari Ana Teresa Bengoak zera aipatu du: “Bilbon jatorria duen erakunde gisa, funtsezkoa da euskal gizartearekiko inplikazioa, gizarte horretako kide baikara”.

Sei erakundeen esperientziak laburbiltzen dituen bideoa ere erakutsi dute gaurkoan.

Aurtengo erronkak

Bizi izandakoaz ez ezik, aurtengo edizioan erdietsi nahiko lituzketen lorpenez ere aritu dira gaurkoan. Aipatutakoen artean, lankide gehiagok parte hartzea eta arigune gehiago martxan jartzea eta, are, dinamika horiek segida izan dezaten lortzea. Langileak euskaraz aritu ahal izateko prestatzea ere aipatu dute, eta hortik harago, ezagutza kudeatzetik erabilera kudeatzeko urratsa ematea. Azken finean, euskaraldian hartutako ohiturak urte osoan zehar mantentzearen ideia azpimarratu dute finantza erakundeetako ordezkariek, bai entitatearen barnean, baita kanpora begira ematen duten zerbitzuan ere.