Hilabetez Euskal Herriko ehunka txoko zeharkatu ostean, badatoz Bilbora Euskarabentura espedizioko neska-mutilak. Atzo Urdaibai inguruan ibili ostean, gaur Gernikan igaroko dute eguna, eta bihar iritsiko dira Bilbora. Aipatu bezala, BBK Kunan egingo diete harrera, eta ondoren San Mames futbol zelaira abiatuko dira, berau bertatik bertara ikusteaz gain, hitzordua daukatelako Josu Urigunekin. Desgaitasun intelektuala duten pertsonek osatzen duten Athletic Genuin taldeko jokalaria da azken hori, eta solasaldia egingo dute berarekin.
Uztailarekin batera amaituko da aurtengo Euskarabentura igande honetan. Hala, gazteak itsasontziz abiatuko dira Portugaletera goizean, eta Bizkaia Zubia gurutzatuko dute Getxora iristeko. Bertako Muxikebarri aretoan egingo dute amaiera ekitaldia. 16-17 urteko 128 gaztek hartu dute parte aurtengoan, zazpi lurraldeetatik etorriak. Bada, 700 kilometro baino gehiago egingo dituzte guztira, horietatik 500 inguru oinez.