Polizia indarkeria eta arrazakeria salatu dute Aste Nagusian izandako gertakari baten ondorioz

uriola.eus 2022ko abu. 30a, 12:01

Salaketa jarri duen emakumearen besoaren itxura, poliziak eragindako zaurien ondorioz (Argazkia: Gazte Komunistak)

Poliziaren jarduketa biolento eta arrazista salatu du asteon emakume batek, amaitu berri diren jaietan zehar gertatua. Salatzailea Gazte Komunistak taldeko militantea da, eta antolakunde horrek azaldu du herritar jantzitako agenteek gazte bat bortizki tratatzen ari zirelako kargu hartu ziela emakumeak, eta ondorioz bera ere jazarri zutela.

Azken larunbateko goizaldean Plaza Barrian izan ziren gertakariak, Gazte Komunistaketik azaldu dutenez. Gainera, emakumearen amak ere Twitter sare sozialaren bidez deskribatu eta salatu du egoera. Dirudienez, emakumeak ikusi zuen hainbat pertsonak bortizki jo zutela gazte baten aurka, hura lurrera bota zutelarik, irain arrazistak esaten zizkiotelarik, aurpegian kolpatzen zutelarik eta lepoa besoarekin estutzen ziotelarik lurraren kontra. Itxuraz, lapurreta egin izana leporatzen zioten.

Hori ikusita, emakumeak gelditzeko eskatu zien gaztea jazartzen zihardutenei, eta azken horiek esan zioten polizia zirela. Plaka zenbakia eskatuta, ez zioten halakorik eman, eta insistitu ostean, polizia gisa identifikatu ziren, baina agente zenbakirik eman gabe, eta zehazki zein polizia instituziotakoak ziren ere ez zuten argitu. Hala ere, poliziek emakumeari exijitu zioten identifikatzeko, eta azken horrek uko egin zuen. Bere amak azaldu duenez, jakinarazi zuen elkarrizketa grabatuko zuela, “gaztearen eta bere buruaren segurtasunagatik”. Bada, agenteetako batek mugikorra kendu eta lurrera jaurti zuen eta poltsa indarrez kendu zion, dokumentazioa ateratzeko.

Gazte Komunistak taldeak adierazi duenez, “gertakariak iraun bitartean hainbat irregulartasun gertatu dira: dagoeneko menderatuta zegoen atxilotuaren aurkako indarkeria neurrigabea, kikiltzeko erasoa, eta gure eskubideez baliatu zein polizia gehiegikeriaren aurka babesteko ditugun tresna urriak erabiltzea galeraztea”. Bada, jaiak hasi aurretik zein horiek iraun bitartean Juan Mari Aburto alkateak egindako adierazpenekin lotura dutela uste du antolakundeak. Izan ere, Aburtok esan zuen, besteak beste, “inpunitateari tarterik utziko ez zion presentzia poliziala” bermatuko zuela Aste Nagusian. Bada, Gazte Komunistek uste dute inpunitatea dutenak indar polizialak direla, eta asteburuan gertatutakoa horren adibide baino ez dela. Hala, “errepresioaren gorakada” gaitzetsi dute eta beren kideari elkartasuna erakutsi nahi izan diote.

Lesioak eta salaketa

Jasandako tratuaren ondorioz, emakumeak ubeldurak eta zauriak ditu, nabarmenena besoan. Gertakarien ostean Basurtuko ospitalera jo zuen, eta bertan egin zioten mediku parteak ere hala jasotzen du, bizkarrezurraren ingurua minduta duela, baita besoaren atzealdea ere, handituta duena.

Parte hori hartu, eta hurrengo egunean salaketa jartzera joan zen epaitegira. Bada, amak azaldu duenaren arabera, horretan zebilela inguruan entzuten ari zen gizon bat hurbildu zitzaion eta galdetu zion ea zergatik esku hartu behar izan zuen poliziaren lanean. Itxura denez, gizon hori goardiako epailea zela adierazi zion bertako langileak. Hori dela eta, familiak gertatutakoa ahalik eta jende gehienak jakin dezan nahi luke, “zer nolako munduan bizi garen ikusteko”.