Bihartik aurrera indarrean jarriko dira Euskal Autonomia Erkidegoan garraio publikoaren prezio berriak. Horrek zuzenean eragingo dio Bilboko Bilbobusari eta Artxandako Funikularrari, BAOn argitaratu ostean. %50eko beherapena aplikatuko da bi garraioetan; Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak eta Bilboko Udalak % 20ko beherapena onartu dute prezioan, eta horri Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak emandako % 30eko deskontua gehitu behar zaio.
Bilbobusen kasuan, Barik txartelaren erabiltzaileentzat prezioa 0,33 eurokoa izango da bidaia bakoitzeko; gaur egun 0,66 eurokoa da. Creditrans bonuaren kasuan, 0,24 euroko prezioa izango du bidaia bakoitzak kategoria orokorreko familia ugarien kasuan, eta 0,16 eurokoa kategoria bereziko familia ugarientzat.
Nagusiek ere beherapen berezia izango dute. Gizatrans txartelaren erabiltzaileentzat, 65 urtetik gorakoentzat, bidaia bakoitzak 0,16 euroko balioa izango du. Gauza bera txartel hobariduna dutenen kasuan. Gazte Blo erabiltzen duten 26 urtetik beherakoek deskontua izango dute hileko bonuan. 16,50 euro ordainduko dute, eta 13,20 euro familia ugarien kategoria orokorrekoek. Kategoria bereziko familia ugarien kasuan, hilean 8,25 euro ordainduko dute.
Bestalde, Gautxoriaren bidaiek erdia balioko dute eta Artxandako Funikularrean, Barik txartelarekin ordainduz gero, erdi-prezioan izango da bidaia. Prezio berriei buruzko informazio zehatza Erabiltzaileen Arretarako Bulegoan kontsulta daiteke, baita Bilbobusen aplikazioaren bidez edo www.bilbao.eus udal webgunetik deskargatuta ere.