BetiOn zerbitzuko langileek 24 orduko hilabeteko greba egingo dute irailean

uriola.eus 2022ko abu. 31a, 12:27

Martxoan hitzarmena berritzeko hasitako greba eta mobilizazioekin jarraituko dute irailean telelaguntza zerbitzu publikoko langileek. KPIa soldata oinarrietan bermatzea eta lanorduak murriztea eskatzen du BetiOn-eko greba batzordeak besteak beste. Patronala eserarazi dezan eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Hilabete osoko greba egingo dute irailean BetiOn zerbitzuko langileek eta mobilizazioekin jarraituko dute, LAB, ELA eta ESK-k osatzen duten greba batzordeak adierazi duen moduan. Martxotik daramate borrokan eta Eusko Jaurlaritza seinalatu dute zuzenean komunikatu baten bidez: "Eusko Jaurlaritza da zerbitzua pribatizatzea erabaki duen erakunde publikoa, eta ondorioz lizitazioaren bidetik besterentzen du bere ardura".

Erakunde publikoak aurtengo zerbitzua 71 milioi euroko aurrekontuarekin lehiaketa merkatura ateratzea, "gutizia hutsa" da sindikatuentzat, eta uztailean enpresek lehiaketara aurkezteko zuten epea amaitu zenetik Tunstall-GSR-IMQ patronala den enpresa "azpijokotan" dabilela adierazi dute.

Aste Nagusian elkarretaratzea egin zuten haien egoera salatzeko eta iraileko grebaren berri emateko. Haien helburua langileen egoera hobetzea dela azpimarratu dute eta zerbitzuaren garrantzia azaldu dute: "Arreta iraunkorreko zerbitzua da BetiOn, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan martxan dagoena, eta larrialdi egoerei edo premia sozialei erantzun egokia emateko berariaz prestatuta gauden pertsonok eskaintzen dugu".

Arazo guzti horien aurrean patronala eserarazi dezan eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta gutxieneko zerbitzuak betetzen ez direla gaineratu dute sindikatuek. Zerbitzuaren eta langileen lan baldintzen alde borrokan jarraituko dutela gogorarazi dute.