Aste Nagusiaren ostean Olabeagako jaiak datoz

uriola.eus 2022ko ira. 1a, 11:05

Atseden hartu gabe Olabeaga jai giroan murgilduko da irailaren 3tik 11ra arte. Pregoiak, Ikurrinaren altxatzeak eta txupinazoak emango diete jaiei hasiera, eta bigarren asteburua izango da ekintza gehien izango dituena. 

Aste Nagusia amaitu eta astebete baino gutxiago igaro den honetan, Olabeagak bere jaiak ospatuko ditu. Neurri txikiagoan, baina bederatzi jai egun izango ditu. Irailak 3, larunbata, hasi eta irailak 11, igandea, amaituko dira. Hasiera 18:00etan izango da pregoi eta txupinazoarekin. Festari David Medina, Alberto Billa, Dani Moon eta Ezequiel Techno DJ-ek emango diete jarraipena.

Lehenengo asteburua amaitzeko, goizez meza egingo da hamarretan, eta agureei omenaldia egingo zaie 13:00tan. Arratsaldez Tolin mariatxia, bingoa eta ohiko jolasak izango dira protagonista. Astean zehar programazioa murriztuko da. Astelehenean, bertoko taldeen kontzertuak izango dira hamaiketan; ostegunean, irailaren 8an, oso ohikoa den tortilla txapelketaren XLIV. edizioa egingo da.

Asteburuan sartuta, ostiralean buruhandiak eta txistorrada egongo dira 18:00etan. Gainera, mozorro gaua izango da 21:00etatik aurrera. Larunbata izango da ekintza gehien izango dituen eguna. Goizez XXVIII. marmitako txapelketaren txanda izango da 10:00etatik aurrera, eta bitartean haurrentzako tailerrak egingo dira 12:00etan. Bingoak girotuko du bazkalostea eta futbolin, igel txapelketa eta mus arineko txapelketak jokatuko dira. 

Gaua musikaz girotuko dute. Lehenik eta behin, Bilbo Kantari Diketik baselizaraino joango da 19:30etik aurrera. 20:00etan bertoko taldearekin musika egongo da, eta 22:30ean Joxpa erromeria. Azken eguna hasteko, meza nagusia izango da auzoan hildakoen omenez eta patroiaren alde, hamabietan. Horren ostean, txistulariak eta ekitaldia 13:00etan. Herriko paella jana izango da azken egunean eta bingoarekin girotuko da 16:00etan. Jaiak 20:00etan amaituko dira.