Parte hartze handia azpimarratu badute ere, El Correoren jarrera, Udaltzaingoarena eta eraso sexistak gaitzetsi dituzte Bilboko Konpartsek

uriola.eus 2022ko ira. 1a, 13:13

"Zirragarria" izan da Aste Nagusia eta aurreikuspenak gainditu ditu Konpartsentzat. Bestalde jai eremu askea bihurtzeko, konpartsakideek, Bilboko mugimendu feministak eta beste bilbotarrek egin duten lan bolondresa goraipatu dute. El Correoren Aste Nagusiaren aurkako kanpaina; udaltzainen biolentzia eta erreakzioa; eta erasotzaileak gaitzetsi dituzte konpartsakideek.

Aste Nagusia amaitu ostean bederatzi jai egunetako balantzea egin nahi izan dute Bilboko Konpartsek. Parte hartzea izan da gehien goraipatu dutena: "Aste Nagusia, oraingoan "Nagusia" egingo genuela esan eta gure aurreikuspenak erabat gainditu egin ditugu". Gainera, Bilbotarren "jai herrikoien aldeko hautua" eskertu nahi izan dute. 

Txikien kasuan, sukaldaritza tailerrek arrakasta nabarmena izan dute. Beste ekintza batzuekin batera goia jo dute eta "inoizko parte hartze handiena izan dute". Gargantua, Erripako umeen jolasak edo haientzako prestatutako bestelako programazioa "ezustekoz beterik egon dira. 

Parte-hartze handiaren isla nabarmena gastronomia-txapelketak izan dira. Guztira 610 lapiko aurkeztu dira eta tortilla txapelketaren eguna izan da jendetsuena, 325 parte hartzailerekin. Bestalde 23 lapiko-patata saltsa berdean, 64 txipiroi kazola, 28 bakailaoa bizkaitar erara eta 39 pil-pil saltsan, 93 marmitako kazola eta 39 buztan gisatu aurkeztu dira. Hiri Krosean ere, jendetza aritu da eta arauez inskribatu ahal ziren guztiak egin zuten korrika: 2.000.

Guztira 530 ekintzarekin bete dute jai gunea Konpartsek: puzgarriak, eskalada-murrua, kale-antzerkiak, kontzertuak, denetariko tailerrak… Goizez, arratsaldez zein gauez kaleak jendez gainezka ibili dira. Lan horretan bandera urdina Mamiki konpartsari eman diote. Txosnarik jarri ez duen arren Aste Nagusiko onenaren saria eman diote "ekintza ugaritan presente ibili eta jaiek ezinbestekoa duten ikuspegi feminista sustatzen lagundu dutelako".

Jaietako alde txarra

Parte hartzearen, jai giro anitzaren eta Aste Nagusi "ziragarriaren" beste aldean "itzalak" egon dira Konpartsak azaldu dutenaren arabera. Bandera marroia, Aste Nagusiaren okerrena seinalatzen duena, El Correo Españoli eman nahi izan diote: "Lehenengo egunetik Txupineraren hitzak aldrebesten, irudiak manipulatzen eta jaigunetik kanpo emandako eraso matxistak jaigunean burutu zirela adierazten ibili delako, intoxikazio mediatikoaren ardatzean jira eta bira, Bilboko Konpartsen aurka egiteko eta guztiona den jaigunearekiko beldurra eragiteko".

Beste alde batetik Udaltzaingoaren jarrera seinalatu dute. "Jaigunea kopetilun patruilatzen eta jaigiroa zapuzten ibili den Udaltzaingoaren banda", Bilboko Konpartsen esanetan. "Bortizkeria poliziala" jai eremutik kanpo nahi dutela eskatu dute. Azkenik emakumeak "jazarri, erasotu, intimidatu egiten dituzten" erasotzaileak Aste Nagusian lekurik ez dutela azaldu dute eta Mugimendu Feministako kideek adierazitakoa berretsi dute: “Dantzatuko dugu, abestuko dugu, gozatuko dugu… baina argi izan, autodefentsa feminista praktikan ezartzen jarraituko dugu zuek matxista nazkagarriak gure espazioetatik kanpo egon eta aske sentitu arte”.

Goraipatutako balioak

Aipatutako erasoen aurrean Mugimendu Feministak, konpartsakideek zein bilbotarrek emandako erantzuna goraipatu dute. Bestalde, Iratxe Palacios Txupinera eta Tintigorri konpartsako kidearen eta Itziar Lazkano Pregoilari eta aktorearen lan bikaina azpimarratu dute. Azkenik jaietan parte hartu duten guztiei eman dizkiete eskerrak: "Esker mila jaien eraikuntzan murgildurik ibili zareten guztioi, badakizue konpartsen ateak zabal-zabalik dituzuela jaien antolakuntzan eta jaiak bizi eta gozatzeko modu hau barnetik ezagutzeko".

Udalaren balorazioa 

2022ko Aste Nagusiaren arrakasta goraipatu du. Programazio parte-hartzailea eta irekia, inklusiboa, errespetuzkoa eta berdintasunean oinarritutako diseinatu eta abiarazi du udalak. 1,6 milioi pertsona baino gehiagok hartu dute parte Udalak antolatu dituen doako 500 jarduera baino gehiagotan. 

Musika programazioa izan da arrakastatsuena. 230.000 pertsona baino gehiago egon dira hamar agertokietan programatutako 100 kontzertu baino gehiagotan. Arrakastatsuena En Tol Sarmientoren kontzertua izan zen 14.000 ikus-entzule baino gehiagorekin. Txikiguneak ere arrakasta handia izan du, kaleko antzerki eta arte eszenikoen ikuskizunen moduan.