Abian da AEK-ren matrikulazio kanpaina

uriola.eus 2022ko ira. 1a, 13:40

Irailean sartu berri garen honetan, martxan dago jada AEK euskaltegietako matrikulazio kanpaina, gaur Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitzan aurkeztu dutena. “Ahalik eta herritar gehien euskaltegietarako bidean jartzeko” asmoa du Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak.

Pandemiak euskaltegietako matrikulazioa zertxobait apaldu bazuen ere, joan den ikasturtean berriz ere gorantzako bidean jarri zen euskara ikastera animatu zirenen kopurua, eta aurtengoan joera horrekin jarraitu nahi lukete, AEK-ko koordinatzaile nagusi Alizia Iribarrenek azaldu duenez.

Urrian hasiko da 2022-2023 ikasturtea AEK-ko euskaltegietan, eta hainbat aukera eskainiko dituzte, beti bezala: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza, eredu konbinatua, online ikastaroak nahiz urte osoan zehar zabalik dagoen Foruko barnetegia.

Berrikuntza dirulaguntzetan

Ohi bezala, instituzioek euskara ikasi nahi dutenei bideratutako zenbait dirulaguntza eskainiko dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, B2ra arteko prozesua doakoa izango da maila egiaztatzea lortuz gero. Horrez gain, aurten 30 urtetik beherakoentzat C1 mailara arte zabalduko dute laguntza hori. Gaiari buruzko informazio gehiago aurki daiteke AEK-ren webgunean edo euskaltegietan.

Lekukotzak

 

Simona Sobotovicova ikaslea (ezkerrean) eta Zuriñe Eguskiza irakaslea (eskuman)

Azken lau urteotan euskara ikasle gisa aritu da jatorriz Eslovakiakoa den Simona Sobotovicova, gaur egun Trapagaranen bizi dena. Hasiera hartan Indautxuko AEKn eman zuen izena, hizkuntza hutsetik ikasteko, eta gaur egun Trapagako euskaltegian dihardu. Hasiera “nahiko zaila” iruditu zitzaiola dioen arren, nabari zaio ordutik hona asko ikasi duela, eta halaxe baieztatzen du berak ere: “Esango nuke oraintxe bertan gutxi-gorabehera moldatzen naizela”. Hala ere, gramatikaz gain mintzamena da oraindik ere burukomin gehien ematen dion atala.

Euskara ikasten hasteko motibazioez galdetuta, Sobotovicovak azaldu du bere senarra bertakoa dela eta bere semea ikastolan ikasten ari dela. “Beraz, berari laguntzeko eta hemengo hizkuntza eta kultura hobeto ezagutzeko” hasi zen ikasten, eta hobetzen jarraitzeko asmoa eta gogoa duela argi dauka.

Hain zuzen, Indautxuko AEK-ko irakaslea da Zuriñe Eguskiza, eta datorren ikasturtea izango da beretzat lan horretan igarotzen duen hogeita bigarrena. Bada, ibilbide luze horretan zehar bizi izan duenari jarraikiz, berretsi du nabari dela gero eta jende gehiago animatzen dela euskara ikastera. Hala, pandemiak eragina izan badu ere, uste du poztekoa dela berriz ere jende kopurua igo izana. Azaldu duenez, izena ematen dutenen artean askotarikoak dira euskara ikasteko motibazioak: "Bi motatako ikasleak ikusten ditugu nagusiki: batetik, zerotik hasten direnak edo maila baxuetan hasten direnak. Horiek ikasi nahi dute, euskara bizi, kultura ezagutu… gerora, B1etik gora egiten dutenean jada azterketetan pentsatzen hasten dira, baina hala ere euskaltegiko dinamikan sartuta jarraitzen dute, eta hori oso ondo dago”. Hala, nabarmendu du arrazoi guztiak direla balekoak euskara ikasteko.