Hainbat ekintza eskainiko ditu Foru Liburutegiak urte amaierara arte

uriola.eus 2022ko ira. 2a, 15:30

Idazketa, argazki-album, mikroipuin... tailerrak, mitologia eta munstroei buruzko hitzaldiak eta jardunaldiak egongo dira irailetik abendura Foru Liburutegian. 

Eskaintza zabala edukiko du Foru Liburutegiak urte amaierara arte. Bost tailer, lau hitzaldi eta jardunaldi bat izango dira guztira. Euskarazko irakurle taldea irailaren 22an hasiko den arren, izen ematea itxita dago jada. 

Tailerrak

Lehenengo tailerra Ana Belén Alonsok zuzenduko duen eta gaztelaniaz izango den umorezko idazketa eta kontakizuna tailerra izango da. Zortzi pertsonarentzako izango da. Izen ematea irailaren 5etik 13ra egongo da irekita eta irailaren 14tik abenduaren 7ra izango da, hamabostean behin, ostegunetan, 18:15etik 20:15era. 

Beste tailer bat Sendiaren argazki-albuma berrasmatzen izango da. Euskaraz zuzenduko du Txelu Angoitiak eta izen ematea irailaren 8tik 12ra egongo da irekita. Irailaren 19tik abenduaren 26ra izango da, astelehenero, 18:00etatik 20:00etara ,12 pertsonarentzako.

Gaztelaniaz egingo den mikroipuin tailerra izango da hirugarrena. Enrique Pérez Urresti izango da dinamizatzailea eta 20 pertsonarentzako izango da. Izen ematea irailaren 12an irekiko da, hilabete bereko 20ra arte. Tailerra irailaren 21etik abenduaren 14ra arte emango da, asteazkenero, 18:00etatik 20:00etara.

Azken-aurrekoa euskaraz izango da, eta urriaren 6tik azaroaren 24ra, ostegunero, 18:00etatik 19:30era. Ipuin kontaketa tailerra Alberto Bargosek zuzenduko du. 14 pertsonarentzako izango da. Izen ematea irailaren 28tik urriaren 5era irekiko da eta partaideak hurrenkeraz hautatuko dira.

Azken tailerra eta hirugarrena gaztelaniazkoadernaketa ikasteko izango da eta Roberto Aspiazuk dinamizatuko du. Urriaren 18tik azaroaren 29ra asteartero izango da, 18:00etatik 20:00etara. Izen ematea urriaren 10ean irekiko da, urriaren 17ra arte, eta zortzi pertsona hautatuko dira parte hartzeko.

Tailer guztiak 16 urtetik gorakokoentzat izango dira. 

Hitzaldiak

Lehenengo hitzaldia urriaren 3an izango da, 19:00etan, eta gaztelaniaz, ¿Compartimos la Tierra con dinosaurios y hombres salvajes? Las enigmáticas criaturas de la criptozoología izenpean. Eduardo Angulo izango da hizlaria. Astebete geroago, urriaren 10ean, 19:00etan Aritza Bergarak emango du hitzaldia: Euskal mitologia, asmatutako izakiak edo kondairen bidez heldu zaigun errealitatea?

Hirugarrena berriz gaztelaniazkoa izango da, eta urriarren 17an emango du María Jesús Cavak, 19:00etan. Del mito al bestiario y a los nuevos leviatanes izena dauka. Azkena aste bat geroago izango da, ordu berean, eta gaztelaniaz. Horripila pop. Monstruos icónicos de la cultura popular du izena eta Borja Crespok emango du.

Hitzaldi guztiek doako sarrera izango dute edukiera osatu arte eta streaming bidez ikusi ahalko dira esteka honetan. Foru Liburutegiaren 2. solairuan egingo dira hitzaldi aretoan.

Jardunaldiak

Irailaren 8 eta 9an izango dira Egilea edizioaren munduan izenarekin. Horri buruzko informazioa, tailer eta hitzaldiei buruzkoa Foru Liburutegiaren web orrian kontsultatu ahalko da.