Martxan da Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza

uriola.eus 2022ko ira. 5a, 10:56

Laguntzaren bigarren deialdia ireki du Euskararen Etxeak. Horren bidez, 3.000 euroko saria bideratuko da 2023ko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko. Lehenengo deialdian Mejillon Tigre taldeak lortu zuen laguntza, Hitz Esana lanarekin.

Bigarren urtez Euskararen Etxeak Hi(ZKI)bridoak laguntza jarri du martxan, euskara hutsezko kultur emanaldi berri baten gidoia eta emanaldia bera sortzea eta garatzea bultzatzeko asmoarekin. Honen bidez, adierazpide desberdinetako sortzaileen arteko elkarlana sustatu eta indartzea du helburu.

Lanak aurkezteko epea azaroaren 14an amaituko da eta epaimahaiak abenduaren 19an emango du irabazlearen berri. Epaileak kultura eta arte eszenikoen munduko bost pertsona izango dira: Eneko Sagardoy aktorea, Lutxo Egia idazlea, Haizea Barcenilla arte-kritikaria, Onintza Enbeita bertsolaria eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria.

Edozein kultur diziplinatan jarduten duen edo jardun nahi duen orok aurkeztu ahalko du lana, adin nagusikoa izanez gero. Originalak, euskaraz idatziak, aurrez argitaratu gabeak eta saririk jaso gabeak izan beharko dira,eta taldean edo bakarka aurkeztu ahalko dira. Zehaztasun guztiak laguntzaren oinarrietan irakurri daitezke. 

Aurreko urteko irabazlea

Aurreko urteko deialdia Mejillon Tigre taldeak irabazi zuen Hitz Esana lanarekin, eta orain Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren hirugarren edizioaren baitan aurkeztuko dute. Azaroaren 10ean erakutsiko dute haien lana Bilboko Berreginen Museoan, 19:00etan. Frankenstein agurgarria, irailaren 22an, Trinitatearen misterioak, urriaren 26an eta Gu gabe ere, biharamunean, urriaren 6an, izango dira zikloaren beste hiru proposamenak.