Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek osatzen duten koalizioak mozio bat aurkeztuko du datorren udalbatzan, "Bilbon etxebizitza eskuratzeko arazo handiak daudelako". Izan ere, Ana Viñals Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak azaldu duenaren arabera, etxebizitza huts gisa deklaratzeko prozedura ez da erraza: "Hainbat fase antolatu behar dira, aurretik planteatutako prozedura bati jarraitu behar zaio, eta eginkizun horiek guztiak garatzeko behar bezala prestatutako eta gaitutako langile teknikoak ere behar dira.”
Horren ondorioz, hainbat planteamendu egingo dizkiote alderdiek gobernu-taldeari: sei hilabeteko epean etxebizitza huts gisa deklaratzeko prozedura idaztea eta argitaratzea, segurtasun juridikoa emateko beharrezko baliabide teknikoak eta giza baliabideak esleitzea, eta Bilboko etxebizitza hutsak ikuskatzeko programa argitaratzea, herritarrek jakin dezaten zein auzo eta barrutitan dauden eta zein tipologia duten.”
Duela urtebete, Udal Gobernuak konpromisoa hartu zuen hutsik dauden etxebizitzei buruzko dekretua betetzeko. "Bilboko zein eremu diren etxebizitza-eskari eta -premia egiaztatuak dituztenak jakiteko beharrezko informazioa biltzeko eta jabe bakoitzari bere higiezinaren egoeraren berri emateko beharrezko urratsak emateko”, adierazi du Viñalsek. Bestalde, Etxebizitza Sailak iragarri zuen modu egokian aplikatuko zela etxebizitza hutsen kanona, edukitzaile handien jabetzetatik hasita.
Zehaztapen eza
Horren aurrean, koalizioak adierazpen horiei buruzko galderak egin zituen duela gutxi, eta bozeramailearen hitzetan, "ez da zehazten zein den baliabide teknikoen, giza baliabideen edo dekretua aplikatzeko prozeduraren antolaketarekin lotutako beste edozein baliabideren hornidura”.