'Errotik, tradiziotik' etorritako sorkuntza garaikideak Bilboko Nazioarteko Dantza jaialdiaren XXIII. edizioan

Florencia Oz eta Isidora O'Ryan "Antípodas"

Irailaren 22tik abenduaren 1era arte egingo da. Aurten, Arte Ederren Museoa batuko zaie ohiko eszenatokiei, eta guztira sei izango dira. Tokiko, estatuko eta nazioarteko artistek parte hartuko dute, eta guztira dozena bat ikuskizun egongo dira; horietako seik doako sarrera izango dute. 

Bi hilabetetan zehar, hamar egunetan banaturik, dantza garaikidearen egungo joerak Bilbo eta Barakaldoko sei agertokitan aurkeztuko dira: Guggenheim Museoa, Barakaldo Antzokia, Azkuna Zentroa, Rekalde Aretoa eta Deustun dagoen La Fundición izango dira egoitzak. Jaialdia irailaren 22an hasiko da Ana Moralesen En la cuerda floja-rekin, eta abenduaren 1ean amaituko da Wim Vandekeybus Belgikako koreografoari buruzko Wim dokumentalarekin.

Otordu informala izango da hasierakoa. Flamenko berriaren pieza bat da Ana Moralesek interpretatuko duena, Juan José Amador abeslari eta gitarra-jotzailearen laguntzarekin. 19:00etan ere, astebete beranduago, XXXplícito  deituriko bideo-dantza saioa eskainiko da. Lehenengo bi eskaintza hauek doakoak izango dira. 

Egoitza berrian, Arte Ederren Museoan, bi pieza ikusi ahalko dira egun berean, pinakotekako eraikin zaharreko atarian. Alde batetik, Ur, Haatik gipuzkoarrena, eta bestetik, Demente, Fran Sieira galiziarrarena. Horren aurretik Roseland Musical kataluniarrek Geometria lana aurkeztuko dute Barakaldoko antzokian, urriaren 9an; dantza urbanoaren eta 3D proiekzio ikusgarrien nahasketa akrobatikoa da. 

Ospe handiko artistak 

Lan berritzaileak helduko dira Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdira. Guillermo Weickert edo Manuel Rodriguez andaluziarrak konpainia handietan ibili eta gero, proiektu propioekin ausartu dira eta Bilbora eramango dituzte lan horiek. Txiletik Florencia Oz eta Isidora O'Ryan bikiak etorriko dira. 2021ean, flamenkoaren proposamen ohiz kanpoko eta surrealistarekin Artista Berrien Saria irabazi zuten Jerezeko Jaialdian.

Dantza garaikidea publiko guztiari hurbiltzeko ahalegina egingo du jaialdiak urtero bezala eta horregatik, hainbat funtzio doakoak izango dira. Beste guztiak 4,5 eurotik aurrerako salneurria izango dute. Geometria eta Quotidiano amuse toi ikuskizunetarako sarrerak salgai daude jada. Lanen xehetasun guztiak dantzaldiaren web orrian ikusi daitezke.