Kultura-bonuen azken kanpaina jarri du martxan Bilboko Udalak

uriola.eus 2022ko ira. 7a, 14:43

Establezimenduek bihartik aurrera eskatu ahalko dituzte kultura-sektoreari zuzendutako bonuak. Martxoaren 23ra arte egongo da epea zabalik, eta 30.356 bonu jarriko dira herritarren esku. Urriaren 5etik 2023ko otsailaren 15era arte egongo dira herritarrentzako eskuragarri. 

Bihartik aurrera, martxan jarriko da kultura-sektorea laguntzeko Bilboko Bonuen azken kanpaina. Pandemiaren ondorioei aurre egiteko abiarazitako planen esparruan kokatzen da, eta honekin amaiera emango zaio ekimenari. Establezimenduek kanpainarekin bat egin ahalko dute martxoaren 23ra arte  www.bonobilbao.eus webgunearen bidez, eta horietako bakoitzean bonuaren muga 30.000 eurokoa da. 

Hauek izango dira kanpainarekin bat egin ahalko dutenak: ikuskizunak aretoetan, lokaletan eta aire zabalean antolatzen dituzten enpresak; liburuen, egunkarien eta abarren txikizkako merkataritza, zinema-aretoak eta bideofilmen alokairua. Arte-galeriak, liburutegiak eta museoak. Margolari, eskultore, zeramikari, artisau, grabatzaile eta antzeko artistak. Honako salgai hauen txikizkako merkataritza: musika instrumentuak eta  horien osagarriak, zigiluak, txanponak, oroitzapenezko dominak eta bildumazaleentzako billeteak, artelanak, antzinako objektuak, mineralak...

Abonuetatik kanpo geratuko dira papergintza-produktuak; informatikako eta elektronikako ekipamendu, software eta kontsumigarriak; jokoak eta bideojokoak, bai eta ikasteko testuliburuak eta testuliburu profesionalak ere.

Herritarrentzako eskuragarri

Establezimenduek kanpainarekin bat egin ostean herritarrak izango dira bonuak eskuratu ahalko dituztenak. Urriaren 5etik aurrera hartu ahalko dituzte, 2023ko otsailaren 15era arte edo bonuak agortu arte. Bi motatakoak izango dira, aurrekoetan bezala: 20 eurokoak eta 40 eurokoak.

Pertsona bakoitzak 10 bonu erosi ahalko ditu eta tiket bakoitzeko horietako lau erabili ahalko dira. Bestalde, beste administrazio batzuek eskaintzen dituzten bonuekin bateragarriak izango dira eta pilatu ahalko dira erosketa bakarrean. Erabiltzeko QR kodea erakutsi beharko da establezimenduan edo hura inprimatuta eraman.