Bueltan da Kafe Antzokia denboraldi berriarekin

uriola.eus 2022ko ira. 8a, 12:53

Sarah Shook & The Disarmers taldearen kontzertuarekin hasi zen denboraldia atzo. Gaugiroak gaur bueltatuko dira eta ostiralean eta igandean doan izango da sarrera, edukiera bete arte. Bestalde, eguneko ostalaritza zerbitzuak irailaren 20an zabalduko dira.

Denboraldi berri bati ekingo dio Kafe Antzokiak aste honetan. Atzo izan zen lehen kontzertua, eta gaur hasiko dira gaugiroak, ikasturte akademikoaren hasierarekin batera. Irailean 15 ekitaldi izango dituzte eta ostegun, ostiral eta larunbat gauetan irekita egongo da. Gainera, gosariak eta bazkariak ematen hasiko dira irailaren 20tik aurrera.

Sarah Shook & The Disarmers taldeak hasiera eman zion atzo Kafe Antzokiko urteari eta bihar, Errioxako Tierra Santa heavy eta power metal taldeak joko du. Lehenengo asteburu honetako larunbatean Burning talde mitikoak joko du Atracorekin batera. 

Hurrengo asteburuan Blow Up jaialdiaren txanda izango da, irailaren 16 eta 17an. Hiru kontzertu egongo dira egun bakoitzean, eta guztiak izango dira nazioartekoak. Suediako bi, Erresuma Batuko beste bi eta Japoniako eta Australiako bana. Kontzertuak 20:30ean hasiko dira bi egunetan. 

Hurrengo asteburuan Paula Mattheus Getxoko kantautorea Antzokiko oholtzara igoko da bere gitarra eta taldearekin batera. Abeslari euskaldunekin jarraituz, Esanezin taldearen txanda izango da irailaren 29an, ostegunean, 21:30ean. Kutxa Beltza espazioan doako kontzertua emango dute Aireratzen lan berria aurkezteko. The Brian Jonestown Massacre kontzertuarekin jarriko dio Kafe Antzokiak hilabeteari amaiera irailaren 30ean, ostirala.

Urriko aurrerapenak

Iraileko programazioarekin batera, urriko kontzertu batzuen aurrerapena argitaratu du Kafe Antzokiak. Estatu Batuetatik Off! hardcore punk taldea etorriko da urriaren 6an, ostegunean. Asteburu hori Euskal Herriko bi talderekin beteko da: Unidad Alavesa, Oki Moki taldearekin batera ostiralean, urriaren 7an, eta Porco Bravo, The Oddballs taldearekin larunbatean, urriaren 8an.