Venerables Sacerdotes eta la Misericordia erresidentzietako langileak greba mugagabea hasi eta bi hilabetera ELA sindikatuak salatu du Gotzaindegiak Venerables erresidentzia husten ari dela langileak kaleratzeko aitzakia izateko: "Bere estrategia argia da: Venerables hustea, eta horrekin batera, langile guztiak kaleratzea, beharginen eta egoiliarren aldarrikapenei muzin eginda”.
Venerables Sacerdotes egoitzako egoiliarrak Misericordia egoitzara eramango zituztenaren zurrumurruak zabaldu ziren uztailean ELA-k azaldu zuen moduan. Horrekin batera Elizbarrutiak erabaki zuen lau langile kaleratuko zituela; enpresaren arabera, erabiltzaileen beherakadaren ondorioz. Horren ondorioz greba mugagabe bati hasiera ematea erabaki zuten erresidentzietako langileek.
Uztailaren 22an Gotzaitegiak erresidentzia itxi nahi zuela salatu zuten San Vicenteko egoitzatik Foru Aldundiaren jauregiraino egin zuten manifestazio baten bitartez. Arazoa bere horretan jarraitzen duela ikusita ELA-k bi erresidentziak demandatzea erabaki du grebarako eskubidea urratzeagatik. Sindikatuaren arabera, greba hasi zenetik egoiliarrak Misericordia egoitzara eraman dituzte.
Bestalde, kaleratzeen ondorioz "enpresak kanpoko langileak kontratatu behar izan ditu, enpresak ez dituelako gutxieneko zerbitzuak bete", ELAren arabera. Gatazkaren konponbidean inplikatzeko eta erabaki horretan atzera egiteko eskatu die erakunde guztiei.