Bilbo Zientzia Plaza jaialdiak zortzi ekitaldirekin zientziaz blai utziko du hiria

uriola.eus 2022ko ira. 9a, 13:13

Irailaren 12tik 30era arte publiko guztiei egokitutako ikuspegiak eta formatuak lantzen dituen programa eskainiko du zientzia jaialdiak. Naukas Bilbao egingo da, gaztelaniaz antolatzen den zientzia-dibulgazioko topaketarik handiena eta Margarita del Val birologoa, Eneko Axpe fisikaria edo Marta Olazabal ikertzailea bezalako zientzialariak egongo dira, besteak beste.

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako Bilbo Zientzia Plaza jaialdiak ezagutzaz beteko du uria irailaren 12tik 30era bitartean. Jaialdia izen hori izango duen lehen urtea da. Guztira zortzi ekitaldi izango dira: erakusketa ibiltariak, zientzia eta umorea zorroztasunez uztartzen dituzten ikuskizunak, zuzeneko musika-emanaldiak edo haurrentzako tailerrak, besteak beste. Estatu mailako dibulgazio zientifikoaren erdigune bihurtuko da bosgarren aldiz.

Ciencia Show, Naukas Pro, Naukas Bilbao, Naukas Kids, Bidebarrieta Zientifikoa eta Ibilaldi bat nanomunduan barrena, Naukas Bilbao 2022 eta Zientzia kalean izango dira ekitaldiak. Guztietarako sarrera librea eta doakoa izango da aforoa bete arte. 

Naukas Pro aurtengo edizioko berritasunetako bat da. Irailaren 15ean egingo da Euskalduna Jauregiko Auditoriumean, eta zientzia-jardun profesionalari buruzko hainbat ikuspegi erakustea izango du helburu. Martina García Aísa ekonomialariak (OCDE) eta Marta Olazabal ikertzaileak (BC3), pobrezia desagerrarazteko eta hiriak klima-aldaketara egokitzeko politika publikoei buruzko ikerketak azalduko dituzte. Bestalde, Eneko Axpe (NASA) fisikariak elikagai alternatiboei buruz hitz egingo du.

Naukas Bilbao nagusi izango da beste behin ere jaialdiaren programazioan. Hamaikagarren edizioan zientzia munduko orotariko pertsonak hurbilduko ditu Bilbora. Margarita del Val elkarrizketatuko dute birusei, aldaerei, txertoei eta osasun globalari buruz. Eva Caballero kazetari zientifikoak amatasunari buruz hitz egingo du; María Martinón mediku eta paleontologoak parte hartuko du; eta Luis María Escudero matematikaria eulia ereduzko organismoa dela frogatzen saiatuko da.

Bestalde, Almudena M. Castro fisikari eta musikariak, musika zientzialariengan eragin handiena izan duen artea dela erakusten saiatuko da. Hilaren 16an eta 17an ikusi eta entzun ahalko dira hitzaldi hauek guztiak, eta horien bitartean Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Ciencia Clip zientziari buruzko bideo-lehiaketako sariak banatuko dira.

Presentzialki edo streaming bidez 

Ekitaldi guztiak presentzialki ikusi ahalko dira. Hala ere, Naukas Pro edo Naukas Bilbao hitzaldietara joan ezin dutenek zuzen-zuzenean ikusi ahal izango dituzte streaming bidez EITBren Kosmos EITB kanalean. Bidebarrieta Zientifikoko hitzaldia streaming bidez ikusi ahal izango da KulturguneaTB kanalaren bidez. Informazio eta egitarau osoa jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke.