BilbaoEszenak lau antzerki ikastaro proposatuko ditu 2022/2023rako

uriola.eus 2022ko ira. 10a, 09:38

Gazteentzako eta haurrentzako bi antzerki-tailer euskaraz eta helduentzako prestakuntza eta sorkuntza eszenikoari buruzko bi tailer eskainiko ditu Bilboko Udalaren baliabide eszenikoen zentroak. Izen ematea irailaren 16tik 29ra arte egongo da irekita.

Irekita dago jada izen ematea BilbaoEszenaren 2022-2023 ikasturteko antzerki ikastaroetan. Guztira lau izango dira, bi gazteentzako eta haurrentzako, eta beste bi helduentzako. Irailaren 16tik 29ra, www.bilbao.eus webgunearen bidez egin ahalko da izen ematea. Bilbon erroldatutako pertsonek lehentasuna edukiko dute eta oreka bilatuko da emakume eta gizonen artean. Euskarazko taldeek lehentasuna izango dute.

Hautatutako ikasleei urriaren 7an emango zaie abisua posta elektronikoz, eta matrikulazioa egiteko eman beharrezko urratsen berri emango zaie. Izena ematen dutenen kopurua nahikoa ez bada, ikastaroa ez egitea erabaki daiteke.

Helduentzako ikastaroak

Prestakuntza eta Sorkuntza Eszenikoan oinarritutako ikastaroa emango dute Nuria M. Cresek gaztelaniaz eta Maria Urcelayk euskaraz. 60 ordukoa izango da eta astelehenero (euskaraz) eta asteazkenero (gaztelaniaz) irakatsiko dute, 19:30etik 21:30era. 185,60 euroko kostua izango du (152,80 euro langabetuentzat edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzat).

Haurrentzako eta gazteentzako antzerki-tailerrak

45 ordukoak izango dira hauek eta 2006. eta 2010. urteen artean jaiotakoentzat diseinatu dituzte. 19:00etatik 20:30era emango dira. Haurren kasuan, 2011 eta 2014 urteen artean jaiotakoentzat egin dira. Ostegunetan irakatsiko dira, 17:15etik 18:45era. 120,10 euroko prezioa izango du matrikula arruntak eta 87,30 euro balioko du langabetuentzat edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzat. Miriam Martxantek emango ditu biak.

Lau ikastaroak helburu berdinak bilatzen dituzte: antzerkian eta eszenaren munduan interesa duen edonor erakartzea. Bestalde, aktore-lana (energia, erritmoa, adierazpena, koordinazioa, emozioa) eta sorkuntza-lana landuko dituzte (inprobisazioa, espazioaren definizioa edo ideien bilaketa).