Bilboko euskaltegietako matrikulazioa abian da

uriola.eus 2022ko ira. 12a, 12:58

Udako oporrak atzean utzita, dagoeneko eman daiteke izena euskara ikasteko zentroen hiriko sarea osatzen duten 17 euskaltegietan. Euskararekin irabazi egingo duzu leloarekin, hizkuntza ikasi edota hobetu nahi duten guztiei dei egin diete hurbilen duten zentrora gerturatzeko.

Bilboko Udalak hiriko euskaltegietan matrikulatzeko kanpaina abian jarri du, eta irailean zehar hainbat euskarriren bidez zabalduko dute herritarrak euskarara hurbiltzen animatzea helburu duen mezua. Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi Koldo Narbaizak azpimarratu duen bezala, hiritar gehienek daukate euskaltegiren bat beren bizilekutik hurbil, eta norbere beharrizanetara egokitutako irakaskuntza eskaintzen dute horietan, matrikulazioak hainbat aukera jasotzen baititu. Hain zuzen, Bilboko euskaltegien izenean jardun duen Jon Maguregik nabarmendu du “inoizko eskaintzarik oparoena” daukatela prest aurten. Goizeko zortzietan hasi eta gaueko hamarretara arte hainbat aukera dago euskara ikasteko: aurrez aurre, online, astegunetan, asteburuan…

“Euskara gure nortasuna da. Guk ez badugu zaintzen, inork ez du zainduko”, adierazi du Koldo Narbaizak, eta eguneroko harremanetan (pertsonalak, lanekoak, familiartekoak…) hizkuntza horrek duen garrantzia azpimarratu du. Hala, ikaskuntza bultzatzea normalizazioan aurrera egiteko konpromisoaren parte dela uste du.

Covid-19aren krisialdia apaldu den honetan, euskara eskolen normaltasuna berreskuratu eta, are, kopuruak areagotzeko helburua eta itxaropena daukate. Iaz, guztira 8.300 ikasle inguru egon ziren hiriko 17 euskaltegietan. Jon Maguregik adierazi du euskaltegietako langileak “ilusioz beteta” daudela eta ahalik eta jende gehien erakarri nahi dutela. Hori dela eta, gonbidapen zabaldu die interesa edo kuriositatea duten guztiei, ondo hartuak izango baitira.

2022-2023 ikasturteko eskolak urriaren hasieran abiatuko dira Bilboko euskaltegietan. Dena den, zentro horien jardunak ez du etenik izan, udako ikastaroekin ere martxan egon baitira ikasle eta irakasleak.