Zinema italiarraren Zinecittà jaialdiaren 6. edizioa egingo da astelehenetik ostiralera

uriola.eus 2022ko ira. 12a, 16:59

Programazioa gaur hasiko da, Visioni Sarde saileko film laburren erreprodukzioarekin. Guztira zortzi film emango dituzte; goizez, hamaiketan, Euskaditalia akademian izango dira emanaldiak, eta arratsaldez, berriz, Bilborocken. Malaespera tabernan egingo da amaiera ekitaldia.

Gaur ekingo dio Zinecittà zinema jaialdiak bere 6. edizioari. 2020. urteaz geroztik ez da egin, eta aurten izango da otsailean egiten ez den lehen aldia. Gainera, orain arteko ediziorik luzeena izango da, guztira bost egunekoa. Pier Paolo Pasolini zinema zuzendaria jaio zela 100 urte bete diren urtean, bere "zinema bizitza da" esaldi famatuari kasu egin nahi izan diote antolatzaileek, eta berriz ere hurbilduko diote zinema ikus-entzuleei.

"Ulertu dugu aurten gure helburua zinemarako desira berpiztea izan behar zela, azken hau bizitza eta mundu posibleen fabrika izanik, utopia eta itxaropenena", azaldu dute jaialditik. Horretarako, Visioni sarde sailarekin hasiko dute jaialdia gaur, 17:30ean, Deustuko Hizkuntza Eskolako ekitaldi-aretoan. Guztira zortzi film labur emango dituzte, eta ostiralean, 19:00etan, irabazlea proiektatuko dute Bilborocken.

Bihar proiektatuko dute jaialdiko lehen film luzea Euskaditalian (Mallonako eskaileretan). Bertan izango dira goizeko saioak, eta arratsaldetakoak Bilborocken. Giovanni Galavottik eta Mario Pireddak zuzendutako L'Agnello pelikula izango da lehena, irailaren 13an, asteartea. Atal ofizialaren parte gisa, Essere Hikikomori ikusi ahalko da bihar, 19:30ean, eta horren ostean bertaratutakoak solasaldi bat izango dute autoreekin batera.

Un Ragazzo D´oro, Il papà di Giovanna eta La macchinazione izango dira Euskaditalian emango dituzten beste hiru pelikulak asteazken, ostegun eta ostiralean, hurrenez hurren. Bestalde, ostegunean, hamaiketan, euskal ikus-entzunezkoen eta digitalen munduko ekoizle eta profesionalek Sardegna Film Commission ezagutzeko aukera izango dute, Maria Nevina Satta zuzendariak ordezkatuta online egingo den hitzaldi baten bidez.

Gli anni piú belli izango da Bilborocken asteazkenean ikusi ahalko den filma, 19:30ean. Ostegunean, La seconda notte di nozze ikusteko aukera egongo da, baita Pupi Avati zuzendariarekin batzeko aukera ere. Azkenik, La dea fortuna proiektatuko dute ostiralean, eta Malaespera tabernan itxiera jaia egingo da. Arratsaldeko pelikulak ikusteko sarrerak 3€ balio dute, eta aurrez edo lekuan bertan eros daitezke. Goizekoak, berriz, dohainik izango dira.