Baldosak eta bidegorriak izango dira protagonistak mugikortasunaren aste europarrean

uriola.eus 2022ko ira. 13a, 14:27

Irailaren 16tik 22ra izango da eta 18an, igandean, Kale Nagusian hainbat ekintza jarriko dira. Funikularraren berrikuntzari, igogailu berriei eta bidegorri bati bultzada emango diote mugikortasun astearen esparruan. Konexio hobeak izango da aurtengo leloa.

Bilbok irailaren 16tik 22ra parte hartuko du Mugikortasunaren Aste Europarrean, 2000 urtetik egiten duen moduan. Pertsonak garraio publikoaren bidez elkarrengana bideratzea izango da helburua, inguruko espazio publikoetan hainbat hilabeteko isolamendu, murrizketa eta muga jasan ondoren.

Aste hau aurrera eramateko udalak, erakunde eta enpresa ezberdinen laguntza jaso du. Beren eragin-eremuetan mugikortasun jasangarriarekin lotutako jarduerak egiten dituztenak, hain zuzen ere. Hala nola, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbobus, Decathlon, Euskaltel, Ceprenor, Bilbao Basket Fundazioa, Athletic Fundazioa eta Laboral Kutxa.

Lehenengo egunean, irailaren 16an, Eskola-bideak programari buruzko erakusketa egingo da, adingabeak ikasgelara autonomiaz joatea errazteko. Egun handia irailaren 18 izango da eta Kale Nagusia ekintzaz beterik egongo da: giza futbol handi bi; indoor txirrindularitza-lehiaketa; trebetasun-jolasen ginkana bizikletarekin; erabilitako bizikletak saltzeko eta erosteko azoka, skate-pista Hiru Hamabirekin; patinak erabiltzen ikasteko roller-pista; bide-hezkuntzako zirkuitua; eta bilbobus espazioa.

Irailaren 19an, astelehenean, Etxebarria parkearen eta Udaletxeko biribilgunearen artean egingo den bidegorria aurkeztuko dute. Hurrengo egunean, hilaren 20an, Artxandako funikularra berritzeko proiektuaren aurkezpena egingo da. Irailaren 21ean, asteazkenean, Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren eta Bilboko taxilarien arteko akordioa aurkeztuko da, garraioaren bidezko mugikortasun turistiko jasangarriaren ekimen berri batekin. Azkenik ostegunean, irailaren 22an, Bilbo, nire kotxe barik! eguna egingo da. Multimodalitatearen lasterketa egingo da eta 2022ko Ibiltari Saria emango diote Telebilbaoko kaleko berriemaileei, beren 30. urteurrenean.

Bilbok urte hauetan egindako ekintzak

Jasangarritasunarekin lotutako hainbat aldaketa egon dira hirian azken urteetan. Europar Batasuneko Hiri Segurtasuneko Saria lortu zuen kale guztietan zirkulatzeko abiadura orduko 30 kilometrora jaitsi ostean. Gainera, Bilbok bidegorrien kopurua eta hedapena handitzen jarraitzearen aldeko apustua egin du. Beste hainbat ekimen eraman ditu aurrera esparru horren barruan: erregai fosilak erabiltzen dituzten ibilgailuak apurka-apurka aldatzeko, autobusen flota berritzeko, taxiak, anbulantziak eta banaketa elektrikoko ibilgailuak berritzeko edo gaur egun bizilagunen irisgarritasuna errazten duten 64 igogailu eta arrapalak abian jartzeko.

Biziz biziren egitaraua

Irailaren 18an egingo du lehen ekintza txirrindularien elkarteak. Trafiko artean gidatzeko ikastaro bat prestatu dute eta egun berean, bigarren eskuko bizikleten merkatua eta gazteentzako ginkana bat egingo da. Irailaren 22an Tartanga institutuko ikasleekin ibilbidea egingo dute Bilbotik Itsas museotik 09:00etan. Hilaren 24an, larunbatean Galdakaora bidegorria eskatzeko X. martxa egingo dute. Azkenengo ekintzan masa kritikoa kalera aterako da, mugikortasun jasangarria eta txirrindularien segurtasuna eskatzeko mugimendu gisa. Bestalde urrian, 3tik 7ra bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaro bat prestatu du BizizBizik.