SuperBerriak enpresak Ugaoko, Laudioko, Amurrioko eta Bilboko BM dendak itxi eta Enplegu Erregulazio Espediente prozedura abiatu zuen irailaren 7an. Horrekin batera denda horietako 70 langile sartu dituzte prozedura horren barruan. Enpresan ordezkaritza duten LAB eta CCOO sindikatuen arabera "ez dago dendak itxi eta lanpostuak suntsitzea justifikatzen duen arrazoi ekonomikorik. Eta, beraz, EEEa honek ez dauka inongo zentzurik".
Lehen negoziazioa egin ostean, sindikatuek salatu dute enpresak aurkeztutako dokumentazioan ez dituela EEEa justifikatuko luketen arrazoi ekonomikoak frogatzen. Hartutako erabakiaren aurrean SuperBerriak enpresari dendentzako eroslea bilatzeko eskatu diote, "lanpostu horiekiko eta lanpostu horiek sostengatzen dituzten familiekiko erantzukizunez". Bestalde, itxitako dendak BM Shop markapean Uvesco Taldearen frankizia dira eta LAB eta CCOOk egoera honen aurrean erantzuna eskatuko diote.
Mobilizazio deialdiak
Gaur bertan, bilera egin dute bi sindikatuek kontsulta-epealdiaren baitan, prozesuan topatu dituzten "irregulartasun eta hutsuneak" aurkezteko eta EEEa bertan behera utzi eta beste bide batzuk aztertzeko exijitzeko. "Hurrengo bi egunetan enpresak erantzukizunez jokatu eta EEEa bertan behera uzten ez badu, hurrengo ostiralean, irailaren 16an, greba mugagabeari ekingo diogu lau dendetan", ohartarazi dute.
EEEa aurrera jarraitzen badu bi mobilizazio egingo dituzte langileak ostiralean. 12:30ean lehena Bilboko Zazpikaleetako dendaren aurrean eta 18:30ean Laudioko dendatik abiaturik. Larunbatean ere, kontzentrazioa egingo dute Amurrioko denda parean 12:00etan.
Lanaldeneko langileen greba deialdia
Contact center enpresako langileak LAB eta ESK sindikatuen deialdiak jarraituko dituzte eta bi orduko lanuztea egingo dute iraileko astearte guztietan eta egun osoko greba, hilaren 30ean, lan-baldintza duinen alde. "Euskal Herrian bizi dugun errealitate ekonomikoarekin bat datozen soldata-igoerak negoziatzen saiatu gara", azaldu dute sindikatuek. Izan ere, estatu mailako hitzarmen bati lotuta daude Euskal Herriko langileak.
1200 langile baino gehiago ditu enpresak, ehuneko handia emakumeak eta telefono bidezko zerbitzua ematen diete hainbat enpresari: Euskaltel, Iberdrola, EDP edo Kutxabank bezalako enpresei, Eusko Jaurlaritzaren SOS Deiak eta Trafiko zerbitzuei edo Bilboko Udalaren 010 herritarrentzako informazio zerbitzuari.