Gaur izan da EHUko ikasturtearen aurkezpen ekitaldia, eta LAB eta ELA sindikatuak Bizkaia aretoaren aurrean kontzentratu dira unibertsitatearen "diskriminazioa eta prekarizazioa" salatzeko eta finantziaketa gehiago eskatzeko asmoz. Gabi Elkoroaristizabalek, LAB-eko ordezkariak, behin-behinekotasun tasen arazoa nabarmendu du: "AZP langileen [Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonala] IRI [Irakasle eta Ikertzaileak] tasek estatu mailan dagoen %40ko tasa dezente gainditzen dute".
Horri erantzuteko estatu mailan onartutako planteamenduak eta proposamenak gauzatuko dira, baina, Elkoroaristizabalen hitzetan, "ez diote erantzuten AZP mailan dagoen problematika guztiari". Sindikatuaren ustez hainbat AZP gera daitezke beren lanpostua egonkortu gabe, eta finkoak direnek, bultzatzeko bidean aukera "txikiak" izango dituzte, "plaza kopuru gutxi edo nahikoak eskainiko ez direlako".
Ordezkariak "soldata eskasak" ere aipatu ditu: "Ikerketa egiten hasten direnentzat lan-baldintzak oso prekarioak dira. Eta doktoretza ondoko ikertzaileei dagokienez, antzeko egoeran daude, batez ere, atzerrian daudenen kasuan". 4.465 irakasle-ikertzailetatik 995ek lanaldi partzialeko kontratua dute eta soldatak 400 eta 800 euroren artean egoten dira hilero. Bestalde, unibertsitate publikoak erakundeetatik beharko lukeen finantziaketa nahikoa jasotzen ez duela salatu du kontzentrazioan.
Inbertsio gehiago eskatu du ELAk
ELA ere Bizkaia Aretoaren aurrean kontzentratu da eta Jaurlaritzari zuzendu zaio zuzenean finantziaketa handitzea eskatzeko. Emandako datuen arabera, Europako batez bestekoaren azpitik dago EHU. BPGren %0,91 bideratzen dute batez beste Europako herrialdeek, eta Espainiak %0,82. Hala ere, EAEn askoz txikiagoa da (%0,40).
Era berean, aurrekontu orokorretan esleitzen zaion dirua gero eta txikiagoa dela salatu du sindikatuak: "2012an %3,17koa zen, 20221an %2,59koa; %0,58 gutxiago, alegia. Datu horiek agerian uzten dute Eusko jaurlaritzak ez duela kalitatezko unibertsitate publiko baten aldeko apustua egiten". Horren aurrean, "benetako bikaintasuna lortzeko eta EHUko kalitatezko hezkuntza eta kalitatezko enplegurako", finantzaketa beharrezkoa da ELA sindikatuarentzat.