Ostalaritzako eta merkataritzako profesionalentzako euskara ikastaroak martxan daude

uriola.eus 2022ko ira. 15a, 10:19

Biribilko programa lehen aldiz ostalaritzako langileentzako izango da, eta goizeko eta arratsaldeko ordutegia izango du. Astelehenetan eta asteazkenetan edo asteartetan eta ostegunetan emango da, eta guztira 90 orduko ikastaroa izango da. Asmoa da bezeroekin, hornitzaileekin eta lankideekin dituzten harremanetan euskara sustatzea.

Bilboko Udalak abian jarri du 2009an jaio zen Biribilko programaren beste edizio bat. Hiriko merkataritza eta ostalaritza profesionalei euskara ikastaroak eskaintzen zaizkie urian hizkuntza sustatzeko. Bilboko Udalak eta HABEk diruz laguntzen dituzte ikastaro hauek, eta lehen aldiz egongo dira ostalarien eskura. 90 euroko kostua dute eta 90 orduko ikastaroak dira.

Ikastaroak bi mailatan banatuko dira. Alde batetik, euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa. Euskaraz ez dakitenendako edo gutxi dakitenendako dago bideratuta, ahozko oinarrizko komunikazioa lantzeko. Beste alde batetik, euskara komertziala hobetzeko ikastaroa dago. Azken hori euskaraz zertxobait dakitenentzako dago zuzenduta, merkataritzaren arloan erabiltzen den euskera hobetzeko, idatzizkoa nahiz ahozkoa.

2022ko urritik 2023 ekainera izango dira eskolak, eta astean bi egunetan emango dira, goizez eta arratsaldez. Astelehenetan eta asteazkenetan edo asteartean eta ostegunetan jarriko dira. Urriaren 7ra arte egongo da izena emateko epea irekita. Biribilko webgunean edo euskaltegietan eman ahalko da izena. Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti, Idautxu AEK, Juan Mateo Zabala, Matxintxu AEK, Lizardi AEK, Santutxuko AEK eta Ulibarri Euskaltegia izango dira ikastaroak emateko tokiak.

Eskaintzen dituen zerbitzuak

Eskolen %75era joanez gero, ziurtagiri bat emango zaio pertsona bakoitzari. Gainera, nahi duenak, doan eskuratu ahal izango du merkataritzako eta ostalaritzako gaztelania-euskara hiztegia, edo doako itzulpen zerbitzua baliatu ahal izango du (gaztelaniatik euskarara), jendaurreko merkataritza- eta ostalaritza-testuak itzultzeko kartelak, saltokietan erabili behar direnerako.