Euskara, aisialdia eta lagunak leku bakar batean batzeko kapaza da Mintzapraktika ekimena. Pertsona askok euskara ikasten dute baina gero ez dute aurkitzen hura praktikan jartzeko lekurik. Aukera hori, euskara ikasteko eta herriko sare euskaltzalea indartzeko balio duen ekimen honetan aurkitzen dute.
Astero ordubetez Euskal Herriko hainbat herritan, Bilbo horien artean, bospasei laguneko taldetan biltzen dira, lagunartean, giro atsegin eta hurbilean. Kideen zaletasunak, adina, bizitokia eta ordutegiak kontuan hartuta sortzen dira taldeak, erraztasunak emateko eta mintzalagunak euskaraz hitz egiteko eroso senti daitezen. Parte hartzeko bete behar den baldintza bakarra da euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila edukitzea. Izen ematea euskara elkarteen, euskaltegien edo topaguneko webguneko galdetegiaren bidez egin daiteke.
Aukerak eta ekintzak
Herriko plazan edo taberna batean batzea ohikoena bada ere, Mintzapraktika egiteko aukerak anitzak dira. Gurasoek etxeko hizkuntza ohitura eta transmisioa euskaraz egiteko gurasolaguna existitzen da. Gazteek ere haien ekintzak bultzatu dituzte azken urteetan eta mintzakuadrillak sortu dituzte, gazteen artean euskara sustatzeko.
Hikan hitz egiteko edo herriko euskalkian trebatzeko aukera ematen du Mintzapraktikak, hikalagunaren eta euskalkilagunaren bidez. Mintzaneten bidez, bidelariak euskaraz praktikatzen du hizkuntza ondo kontrolatzen duen bidelagun batekin. Azkenik, ekintza osagarriak daude egiteko: irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak... Izan ere, maiatza-ekaina aldera, Mintza eguna ospatzen da, Euskal Herri osoko mintzalagunen jaia.