Ekintzaz beteriko 25. urteurrena ospatuko du Guggenheimek urte amaierara arte

uriola.eus 2022ko ira. 16a, 13:38

Urriaren 18an izango da urteurrena, eta hilabete horretako 25etik abenduaren 2ra arte publikoa dohainik sartu ahalko da. Irailaren 25ean, lehenengo ekitaldian, Francisco Escuderoren 3. sinfonia entzun ahal izango da. Secciones/intersecciones erakusketak hiru solairuak hartuko ditu, eta museoaren bildumako lanez osatuta egongo da.

Historiako udarik oparoena bizi izan du Guggenheimek, eta orain bere 25. urteurrena ospatzeko prestatzen ari da. 1998ko urriaren 18an ireki zen Bilbon Gehryren eraikina, eta ordutik hiriko artearen erreferenteetako bat izan da. Irailaren 25ean hasi eta abendura arte egingo dute urteurrena, eta urriaren 25etik abenduaren 2ra arte EAEko herritarrak dohainik sartu ahalko dira museora Denontzako BBK kanpainari esker.

Artea, etorkizunerako inspirazioa lelopean hainbat ekintza eta mota askotakoak antolatu ditu Juan Ignacio Vidarte zuzendariak, baina antzeko balioak dituztenak: ospakizuna, museoaren bildumari balioa ematea, esker ona, inklusibitatea, harrotasuna, etorkizuna eraldatzea eta proiekzioa. 

Lehenengo ekitaldia irailaren 25ean izango da eta musikarekin zerikusia izango du. Bilboko Koral Elkarteko umeak, Ensemble Kuraia eta Andoni Alemanek, euskal mitologiari buruz eta euskaraz den Francisco Escuderoren 3. sinfonia eskainiko diote publikoari. Musikarekin jarraituz, Joaquín Achúcarrok piano kontzertu bat emango du museoaren aurkezpenean egin zuen bezala.Azaroaren 19an, leku berean, Asier Etxeandiaren Mastodonte Rock banda entzun ahalko da. El Niño de Elche flamenko abeslea eta Refree gitarrista entzun ahalko dira abenduaren 17an.

Immersions azken jarduera izango da, abenduaren 3tik 11ra, eta programazioaren jarduerarik nabarmenetarikoa izango da. Argi eta soinu ikuskizun horretan, eskala handiko mapping erako proiekzio batek publikoari musoaren barru-barruan sartzen lagunduko dio.

Bestelako jarduerak

Urriaren 6an, Uraren ekologiak izeneko nazioarteko topaketa barne hartuko du. Hilaren 14an, 15ean, 16an eta 17an, berriz, The Missing Element dantza ikuskizuna, bai museoan, bai beste leku batzuetan. Hilaren 17an, museoaren batzarra eta 25. urteurreneko afaria egingo da. Museoaren Lagun direnentzako, urriaren 25ean Cecilia Bengolea argentinarrak Guggenheimen egingo den ekintza artistikoan parte hartuko du, 450 lagunek, bideoak eta performance batek lagunduta.