Zorrotza eta Uribarri-Matikoko jaiak bihar hasiko dira

uriola.eus 2022ko ira. 22a, 10:00

Uribarri-Matikoko jaien paella txapelketa

Bi auzoetako jaiak ostiralean, irailaren 23an, hasi eta urriaren 2an amaituko dira. Santiago txurro-dendako Juanik emango du pregoia Zorrotzan eta hainbat txapelketa, lehiaketa gastronomiko, janari eta kontzertu egongo dira. Uribarri-Matikon kuadrillen arteko Auzo PIKE-ak emango die kutsu berezia jaiei.

Aurrera doaz Bilboko auzoetako jaiak eta asteburu honetan beste bik ospatuko dituzte beraienak: Zorrotza eta Uribarri-Matikoko. Bi auzoek hamar egun jai izango dituzte irailaren 23tik urriaren 2ra. Zorrotzan orkestrak eta dantzaldiak izango dira nagusi gauetan eta Uribarri-Matikon hainbat kontzertu egongo dira.

Zorrotzan jaiekin hasteko kuadrillek eta fanfarreek jaitsiera egingo dute zazpietan eta 20:00etan pregoia eman eta txupinazoa botako du Santiago txurro-dendako Juanik, saltokiarekin 40 urte daramala ospatzeko. Gauean Oihan Vegak jarriko du Musika.

Tortilla txapelketa egingo da larunbatean eta horrekin batera herri bazkaria. 17:30ean emakumezkoen areto futbola eta 19:00etan gizonezkoena egingo dira eta 18:45ean hockey txapelketa izango da. Arratsaldea Ostikada elektrotxarangak girotuko du 19:30etik aurrera eta ordu berean Trapalak kontzertua emango du. Gauez, Dj-a eta Kresala dantzaldiak jarriko dute musika. Lehenengo asteburua amaitzeko, igandean, bertso saioa egongo da Maddalen Arzallus, Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin. Putxera txapelketarekin batera herri bazkaria egingo da 15:00etan.

Astean zeharreko programazioa laburragoa izango da baina hainbat gauza izango ditu. Bitsa festa astelehenean; txiki cross eta cross wod lehiaketak asteartean; esku-pilota erakusketa edo txalaparta tailerra haurrentzat asteazkenean; eta haur-taekwondoren erakustaldia edo Dj Rull eta Patxamama ostegunean. 

Azken asteburua ekintzaz beterik etorriko da ostiraletik hasita. Hirugihar-jana eta parrillada egingo dira arratsaldean eta 20:00etan rap, trap eta reggaeton kontzertuak egingo dira. Dj raspu, Txutxi´s truck band eta Versus orkestra izango dira gaueko kontzertuak. Larunbatean, judo txikien erakustaldia edo euskal dantzen agerraldia 17:30ean, dira ekintza nabarmenenak. Azken egunean, marmitako txapelketa izango da lehenengo ekintza eta herri bazkaria egingo da 15:00etan. 20:45ean 60 urteko gorakoen ekintzen sari banaketa egingo da eta hamabost minutu geroago jaien amaierako traka botako da. Programazio osoa Jai Batzordeko Facebook-ean ikusi daiteke.

Uribarri-Matiko

Jaiak gogoz hasiko dira ostiralean, 19:00etan egingo den mozorro lehiaketarekin eta 20:00etan auzoko guraso elkarteetako kideen pregoiarekin. Jaietako egun guztietan zehar, jokoan egongo da Auzo PIKE-a. Proba eta ekintza askotariko lehiaketa honek bizitasuna ematen die jaiei eta auzoko kuadrillak erabat inplikatzen ditu.

Lehenengo egunean mozorro lehiaketa eta bederatzietako poteoa kontuan hartuko dira. Larunbatean pasta txapelketarekin batera herri bazkaria egingo da eta arratsaldeko karaoke poteoa ere, Auzo PIKE-rako balioko du. Gauean Kristonak eta Liher taldeeen kontzertuak egongo dira 23:30ean. Igandean sukalki txapelketa izango da eta horrekin batera, herri bazkaria; nola ez, herriko jaietan beti jaten. Txikientzat puzgarriak egongo dira egun osoan zehar eta arratsaldez nagusientzako mahai-jolasak.

Astean zehar, frontenis txapelketa jokatuko da eta astelehenean haurren eguna izango da. Asteartean emakumeen txanda da, hainbat ekintza feministarekin, asteazkenean jubilatuena eta ostegunean, egun herrikoia. Egun horretan, irailaren 29an, hasiko dira bigarren asteburuko kontzertuak. Kirol herrikoiak egingo dira kuadrillen artean eta 20:00etan Uki Selektah eta lagunek musika jarriko dute. Ostiralean, antzerkia, poteoa edo Mad Muasel eta Bad Sound-en kontzertuak izango dira hitzordu nagusiak.

Larunbatean beste herri bazkari bat egongo da paella eta patata tortilla txapelketekin batera. 18:30ean kuadrillen arteko jolasak egingo dira eta Auzo PIKEarekin amaitzeko zunba eta poteoa egongo dira. Egunari itxiera, Akerbeltz erromeriak jarriko dio. Jaiak beste herri bazkari batekin amaituko dira, putxera eta indaba txapelketetan prestatutakoarekin. Frontenis txapelketaren finala jokatuko da eta jaien amaierako traka botako da 20:00etan. Hurrengo estekan ikusi daiteke jaien programazio osoa.