Artxandako funikularrak historiako birmoldaketarik handiena jasango du

uriola.eus 2022ko ira. 20a, 15:18

"XXI. mendeko funikularra" izatea omen da egingo diren lanen helburua. Besteak beste, lorategi bertikal bat eta eguzki-panelak jarriko dituzte, azken horiek urte amaierarako martxan egotea aurreikusten delarik. Azkenik, goiko geltokia birmoldatuko dute, datorren urtean hasita. 1,7 milioi euroko laguntza jasoko du Europar Batasunaren Next Generation funtsetatik.

Artxandako funikularra garai berrietara moldatuko da. 1915ean lehenengo bidaia egin zuenetik 107 urte pasa direnean, bere historiako birmoldaketa sakonena iragarri dute, XXI. mendeko funikularra bihurtzeko asmoarekin. Berrikuntza lanak haztea espero den erabiltzaile-tasari erantzuteko helburuarekin egingo dira. 

Arrakasta turistiko handia dauka funikularrak, eta hirian bisitari gehien dituenetako bat da. 2019an milioi bat erabiltzaile baino gehiago izan zituen, eta aurtengo uztaila eta abuztuaren artean 130.000 turistak erabili dute garraiobidea; 2019an baino %20 gehiago, hain zuzen ere. Urtea amaitzeko geratzen diren hilabeteetan antzeko zifrak mantentzen badira, 2019ko erregistroak gaindituko dira.

Mugikortasunaren Aste Europarraren testuinguruan aurkeztu ditu proiektuaren irudi esanguratsuenak Nora Abete Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak. Udalak 1,7 milioi jasoko ditu 2022-2024 urteetan zehar "Helmugetako Turismoaren Jasangarritasunerako Proiektuetarako" Europar Batasunaren Next Generation funtsen finantza-laguntzatik. Horietatik 865.000 euro bideratuko dira goiko geltokia birgaitzera; 470.000 euro bagoiak aldatzeko izango dira; 275.000 euro inbertituko dira lorategi bertikalean, eta, azkenik, 95.000 euro joango dira instalazio fotoboltaikora.

Lau aldaketa nagusi

Proiektua aurrera eramateko lehen fasean diseinua egingo da; ondoren, horren gauzatzea, eta azkenik, lizitazioa. Fase horietan guztietan, guztira lau aldaketa nagusi egingo dira. Funikularraren fatxada nagusiko lorategi bertikalak Castaños eta Matiko arteko mailak lotuko ditu. Honen onurak deskribatu ditu Abete zinegotziak: "Proiektua ez da bakarrik estetikoa: ekimenak airearen kalitatea hobetuko du, giroko tenperatura jaitsiko du eta barruko eta kanpoko ingurune-zarata gutxituko du".

Funikularraren ondoko patinaje-pistaren teilatuan plaka fotoboltaikoak jarriko dira frenatze-energia baliatzeko. Mugikortasun berdeari lotutako erronka da, eta horri esker energia-kontsumoaren %50 baino gehiago aurreztu ahalko litzateke. Urte bukaeran martxan jartzea espero da. 

Energia-efizientzia hobetzeko helburuekin jarraiturik, goiko geltokia birgaituko da. Garraio-beharrizan berriak aseko dituen geltoki "moderno eta funtzionala" egingo dute, eta geltokia operatiboki hobetzea aurreikusten da. Gainera, komenentziako eta merchandisingeko gauzen saltokietarako guneak jarriko dituzte.

Azkenengo berrikuntza funikularreko bagoiena izango da. Gaur egun dagoen erabiltzaile kopuruari erantzuteko asmoarekin egingo den proiektua da. Kopurua 70etik 120ra pasatuko da eta inbertsio handiena eskatuko duten lanak izango dira; guztira 3,5 milioiko inbertsioa aurreikusten da.