Alde Zaharreko BM dendako langileen kaleratze plana atzera bota du Superberriak kateak

uriola.eus 2022ko ira. 21a, 10:46
Alde Zaharreko dendaren aurrean irailaren 16an egindako kontzentrazioa (Argazkia: LAB)

Bilbo, Laudio, Ugao, Barakaldo eta Amurrioko BM dendetako langileek irailaren 16an LAB eta CCOO sindikatuen eskutik hasi zuten greba mugagabearen laugarren egunean EEEa atzera botatzea lortu dute. Adostutakoaren arabera, Uvesco konpainiak subrogatuko ditu Superberriakeko langileak.

Irailaren 6an, Amurrio, Laudio, Barakaldo, Ugao eta Bilboko Alde Zaharreko BM dendak dituen Superberriakek Enplegua Erregulatzeko Espedientea irekitzeko asmoa zuela iragarri zuen, eta hurrengo egunean aurrera eraman zuen. Horren aurrean, LAB eta CCOO sindikatuen eskutik dendetako langileek greba mugagabeari ekin zioten irailaren 16an eta Alde Zaharreko dendan kontzentratu ziren egun berean. Ia %100eko jarraipeneko lau egunen ostean, enpresak EEEa bertan behera utzi du eta 70 lanpostuak mantenduko dira.

Denda guztiak itxita egon dira lau greba egunetan, eta LAB eta CCOOren hitzetan, enpresaren erabakia borroka eta greba mugagabeari "beldur" diolako izan da: "Dendaz denda burututako piketeak, bezeroen elkartasuna, denden aurrean egindako bilkurak, Laudion burututako manifestazio jendetsua eta herri, eskualde zein bestelako lantokietatik jasotako elkartasun keinuak erabakigarriak izan dira".

Espedientea indargabetu ostean, Uvesco konpainia izango da langile guztiak subrogatuko dituena. Hala ere, LABek argitu du Superberriak supermerkatuetako zuzendaritzak, langileen ordezkariek eta Uvesco konpainiak negoziazio maila osatuko dutela "enpresaren aktibitatea eta lanpostuak mantentzeko konponbideak aztertzeko". Izan ere, sindikatuen arabera denda guztiek "ondo funtzionatzen dute".