Goian aipatutako xedeari jarraikiz, goi-mailako formazioa eskaintzeko lan egiten du UEUk: unibertsitate-mailako formazioa, ikastaro espezializatuak, mintegiak, jardunaldiak, irakasle zein profesionalei zuzendutako prestakuntza, udako ikastaroak eta horiekin lotutako ikerketa. Ildo beretik, argitalpengintzan ere jarduten dute, ezagutzarako materiala eta bibliografia euskaraz eskuragarri jartzeko asmoz, eta Informazio eta Komunikazio Teknologien alorra ere proiektuaren beste zutabeetako bat da.
1.400 bazkide inguruk osatzen dute gaur egun UEU, eta merezitako esker ona adierazi zieten guztiei atzoko hitzorduan. Kepa Sarasola zuzendariak honakoa esan zuen: “Gure benetako oinarria da atzean dugun giza taldea”. Bazkide horiek unibertsitateak egun dituen 27 sailetan banatzen dira. Denetariko diziplinek osatzen dute zerrenda, arkitekturatik hasi eta osasun arloraino, antzerkigintza edota literatura bezalakoak ere barne hartzen dituelarik. Horixe eta beste lorpen asko erdietsi dituzte 50 urteko ibilbide honetan zehar, baina aurrera begira jarraitzen dute. Hala, Ane Sarasua idazkari nagusiak esan bezala, “egindakoa ospatu eta indarrak biltzeko” mugarria da ospakizun urte hau. Azaldu zutenez gaur egun bereiziki euskarazko ikerketa bultzatzen ari da UEU, baita unibertsitate mailako euskarazko ikasketak online sustatzeko programaren bueltan buru-belarri lanean ere.
Aireko dantza ikusgarriarekin ireki zuten atzoko ekitaldi berezia, antzokian jarritako eserleku guztiak ordurako beteta zeudelarik. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua izan zen mikrofonoa hartu zuen lehen gonbidatua. UEUk euskararen eta euskal jakintza eta ezagutzaren bueltan egindako garaipen “garrantzitsua” goraipatu zuen. Horrez gain, lantzen ari diren hezkuntza hitzarmenaren prozesuan aurrera egiteko beharra aipatu zuen behin eta berriro, etorkizunera begirako “herri proiektua” dela esanez.
Kolaborazioaren bidean
Joseba Sarrionandia idazle iurretarra ere gonbidatu zuten atzoko ekitaldian hitzaldia eman eta euskal unibertsitateari buruzko bere gogoetak ikus-entzuleekin partekatzera.
Hitzartzea abiatzeko, zehaztu nahi izan zuen historikoki eremu elitista izan dela unibertsitatea, eta gizarteko hainbat sektorerentzat (langileak, emakumeak, euskaldunak…) oraintsura arte itxita egon izan direla maila horretako hezkuntzaren ateak. Bada, horren guztiaren arrastoak gaur egun ere hor jarraitzen duela gogorarazi zuen, eta horri buelta ematearen premia azpimarratu.
Kontatu zuen 16 urte zituela ezagutu zuela UEU, Franco diktadorea hil zen urte berean, hain zuzen ere. Proiektua hasierako urratsak ematen ari zen orduan, eta Sarrionandiak gogoan du garai hartan debate bat nagusitu zela: “Euskal Herriko Unibertsitatea edo Euskal Unibertsitatea?”.
Denbora igaro eta EHU sortua den (pixkanaka, fakultatez fakultate) eta euskal unibertsitatea “bidea egiten” ari den honetan, baina, idazle iurretarrak nabarmendu zuen eredu bi horien artean kolaborazioa posible dela frogatu dutela urte guzti hauek.
“Munduaren konplexutasuna jorratuko duen jendea” behar dela uste du Sarrionandiak, eta, bere ustez, “UEUk lagundu egin dezake gauzak modu kolaboratiboan egiteko Alter ego hori sortzen”.
Bizi izandakoaren errepasoa eta datorrenari ongietorria kantuan
Zuzendariak aipatu bezala, urte guztiotan pertsonak izan dira UEUren oinarria, egitasmoari aurrera egiteko bultzada eman diotenak. Hori dela eta, ibilbidearen errepasoa hiru belaunaldi ezberdinetako kide banaren eskutik egin zuten, Pilar Kaltzada komunikatzaile eta UEUkideak gidatuta. Arturo Elosegi zen gonbidatuetan beteranoena, erdibidekoa Rakel Gamito, eta gazteena, berriz, Maite Luengo. Hirurek partekatu zuten UEUrekin izandako lehenengo harremanaren kontakizuna, eta ordutik aurrera bizi izandako pasadizoak izan zituzten gogoan. Hirurek nabarmendu zuten elkarlanak erakunde horretan duen garrantzia, baita pertsonak aintzat hartu eta elkar zaintzeak ere.
Amaitzeko, elkarrekin koplak abestu zituzten Kafe Antzokira bertaratutako UEUkide eta gonbidatu guztiek, oholtzatik Xabier Amurizak eta UEUko musika taldeak gidatuta.