Urriaren 8an Sarek antolatutako ekitaldian parte hartzeko deialdia luzatu du gehiengo sindikalak

uriola.eus 2022ko ira. 23a, 13:39

ELA, LAB, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuak plaza eliptikoan kontzentratu dira urruntze politikarekin eta salbuespeneko espetxe politikarekin guztiz amaitzeko bidea egiten jarraitu behar dutela aldarrikatzeko. Gaurko mobilizazioarekin hasiera eman diote ikasturteari.

Gehiengo sindikala gaur goizean batu da "Izan bidea" ekimen sindikalaren barruan egiten ari diren dinamikaren 4. ikasturteari hasiera emateko. Uda osteko lehen ekitaldi honetan urriaren 8an Donostian "Etxera bidea gertu!" lelopean egingo den jaialdian parte hartzeko deia luzatu dute. Adin tarte guztientzako aproposa izango den egun osoko egitaraua prestatu dute Ilunben.

Deialdia bi mezu nagusirekin osatu du Nagore Landa Steilaseko kideak: "Batetik, leloak dioen moduan, euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela eta herritarrok ere etxeratze prozesu hori gauza dadin gertu, prest gaudela". Hala ere, gogorarazi egin du bidea egiten jarraitu behar dutela eta horretarako, Izan Bidea dinamikaren barruan 3.127.326km egiteko ezarritako erronkari amaiera emango diote urriaren 8an.

Azken kilometroak Donostiako kaleetan egingo dituztela iragarri du Landak: "Ondoren, Ilunbera eramango gaituen manifestazio koloretsu bati ekingo diogu, azkenik jaialdiari paso emateko". Urrunketaren aurka "urte luzeetan" elkartzen joan diren herritar guztiak aldarrikapen eta festa eremu batean batu nahi ditu Sarek.

Nagore Landak, beste sindikatuekin batera herritarrei goizetik Donostiara hurbiltzeko deialdia luzatu die, azken kilometroa egiteko eta manifestaldian parte hartzeko. Bestalde gaur kontzentratutako sindikatu guztiek balioa eman diote bat egiteari, "desberdintasunen gainetik".