10.000 pertsona espero dituzte urriaren 9an egingo den Bularreko Minbiziaren Aurkako Lasterketa solidarioan

uriola.eus 2022ko ira. 23a, 14:25

Bi urteko geldialdiaren ostean "marea arrosaz" beteko da Bilbo Bizkaiko Bularreko Minbiziaren eta Ginekologiaren Elkarteak (Acambi) antolatzen duen lasterketarekin. Bildutako dirua María del Mar Vivanco doktoreak Zamudioko BioGune Ikerketa Zentroan hasitako proiektuarekin jarraitzeko balioko du. 

Acambi elkarteak, urriaren 9an Bilboko kaleetan zehar Bularreko Minbiziaren Aurkako Lasterketan Solidarioan 10.000 pertsona batzea espero du. Bi urteren ostean bueltatuko da uriko kaleetara eta jada 7.000 pertsonak eman dute izena elkartearen webgunearen bitartez. Marea arrosa deituriko lasterketa Urtzi gimnasioaren eta Laboral Kutxaren babesletzarekin eramango da aurrera. 

Bost kilometroko proba honetan edonork parte hartu ahalko du eta gainera ibiliz egin ahalko da. Bestalde, bertaratzerik ez duenak bere etxetik lagundu ahalko du bularreko minbiziaren aurkako borrokan. 0 dortsala eskuratu ahalko da Laboral Kutxaren ES51 3035.0083.27.0830034765 kontuan dohaintza eginez. 

Ibilbidea Guggenheimetik aterako da 11:00etan, Euskalduna Jauregira bidean itsasadarraren ertzetik. Zubia zeharkatu eta udaletxera joango dira itsasadarraren beste ertzetik. Azkenik udaletxeko zubia zeharkatu eta berriz bueltatuko da museora bertan amaitzeko. Lasterka edo bakoitzaren erritmora egiteko ibilbidea izango da. 

Helburu "solidarioa" duenez gero, lortutako dirua ikerketarako eta María del Mar Vivanco doktoreak Zamudioko BioGune Ikerketa Zentroan hasitako proiektuarekin jarraitzeko balioko du. Bi aste falta direla, azken izen emateak geratzen dira eta kamisetak urriaren 4tik aurrera banatuko dira hautatutako Forum dendan edo Acambin.