Solokoetxe Irisgarria Plataforma

“Igogailua erraz berrirekiko litzateke politikariek borondatea izanez gero”

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko ira. 26a, 14:44

Solokoetxeko bizilagunek ezustean jaso zuten ekainean albistea: auzoa Alde Zaharreko Iturribide kalearekin lotzen zuen igogailu historikoa behin betiko itxiko da, 87 urteren ostean. Egun batetik bestera, auzotar ugarik egunerokoan erabiltzen zuten azpiegitura galdu zuten. Hainbat auzokideren artean berriki eratutako Solokoetxe Irisgarria plataformakoak, baina, kexu dira, parte-hartze eta informazio falta salatu baitute eta, gainera, udalak proposatutako konponbideak beren beharrizanak asetzen ez dituela baitiote.

Izan ere, Ascensores de Solocoeche S.A. enpresak kudeatutako igogailuaren itxiera jakinarazteaz bat, datorren urteko udazkenean martxan jarriko liratekeen beste bi igogailu eraikitzeko asmoa iragarri zuen Bilboko Udalak.

Iragarritako azpiegitura berri hori egin bitartean, Bilbobuseko autobus txiki batek lotzen ditu gaur-gaurkoz Alde Zaharra eta Solokoetxe, ordu erdiroko maiztasunarekin.

Itxieraren erabakiak sortutako ezinegonaz eta horren bueltan auzokideen plataformatik landutako ildoez mintzatu dira Solokoetxe Irisgarria taldeko Miren Toucet, Koldo Izquiedo eta Luzie Azpitarte.

Ekainean igogailua egun batetik bestera itxi zuten. Hala ere, arazoak lehenagotik zetozen . Zeintzuk izan dira aurrekariak?

Miren Toucet: Diozun bezala, aurreko egunean jakin genuen itxi egingo zutela. Gainera, ez zuten abisatu bonorik ez erosteko ere ez zuten abisatu.

Aurrekariak asko dira. Duela hogei urte eta piku hasi ginen igogailuaren gatazka horretan. Metroa jarri zenetik hasi ginen mugitzen, garraiobide horrekin bateratu eta bilete bakarra egiteko zein igogailuaren ordutegia zabaltzeko. Eusko Jaurlaritzarekin hainbat bilera egin genituen, baina ez genuen lortu. Gerora, instituzio hori saiatu zen proiektu berri bat egiten, ikusita egoera gero eta okerragoa zela. Aurkeztu zuten, udaletxekoak ere ados egon ziren, gure barrutian ere aurkeztu zen… eta, egun batetik bestera, enpresa emakidadunarekin ados jartzen ez zirenez, bertan behera geratu zen.

Ordutik aurrera, hainbat idazki aurkeztu ditugu, hainbat bilera egin ditugu udal ordezkariekin… Izan ere, aipatu behar da Bilbon zehar igogailuak jartzen ziren bitartean ordaindu beharrean jarraitzen genuen bakarrak gu ginela. Gainera, egoera gero eta okerragoa zen: itoginak, zoru labankorra… Azkenean konponketa batzuk egin ziren, baina oso geldiro, ahal bezainbeste luzatzen baitzuten obrak egiten hasteko eguna. Egoera benetan jasanezina izan da.

2018an sinadurak bildu genituen, 3.000 baino gehiago, eta udalera nahiz Eusko Jaurlaritzara bidali genituen. 2019an ere kexatu ginen, eta bilerak egin genituen udalarekin nahiz Eusko Jaurlaritzarekin. Gero, komentatu ziguten kable bidezko garraioari buruzko lege bat egin nahi zutela eta horren bitartez igogailu hauek udalaren esku egotera pasako zirela, konponduta eta modu egokian jarrita. Badirudi hor ez dela egon inolako lanik haien partetik, eta orain emakidadunak itxi egin du igogailua, gure auzorako biderik azkarrena izan dena, eta isolatuta gaude. Hala ere, zerbitzu publikoa izanik, badaude egin daitezkeen zenbait gauza; esate baterako, erreskatea edo bahitzea.

"Komunikatu bat bidali diegu udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei"

Gaur egun zertan zabiltzate?

Koldo Izquierdo: Igogailua itxi zenean, enparantza nagusian lehenengo asanbladak egiten hasi ginen. Erabaki genuen plataforma bat sortzea, eta astero biltzen gara ikusteko ea egoera honen aurrean zer egiten dugun. Gure helburu nagusia da igogailua berriro irekitzea. Izan ere, uste dugu politikariek borondatea izanez gero erraz egin daitekeela. Beraz, elkarrizketak egiten gabiltza udalean eta jaurlaritzan. Horrez gain, asanbladak deitzen jarraitzen dugu. Bestalde, komunikatu bat bidali diegu udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei, gure eskaerak bertan jaso ditugularik eta bilerak eskatu dizkiegularik. Eskatu diegu hona etortzeko, arazoa zein den aurrez aurre ikus dezaten eta jakin dezaten zer den egunero 205 eskailera igotzea.

Datorren ostegunean Bilboko Udaleko osoko bilkuran eztabaidatuko da kontu hau. Beraz, udaletxean bertan elkartuko gara auzokideok, eta hantxe egongo gara gure aldarrikapenekin.

Sinadura bilketa jarri duzue martxan. Nola doa?

K.I.: Bai, sinatzeko paperak jarri ditugu Alde Zaharrean, Santutxun, auzoan, inguruko tabernetan, mugimendu sozialen bulegoetan… gure asmoa da horiek laster biltzea. Dena den, esan digutenaren arabera, badirudi sinadura dezente jaso ditugula.

Luzie Azpitarte: Eta orain arte egindako beste lana administratiboa izan da. Gure ordezkariak bi aldiz joan dira udaletxera, eta Eusko Jaurlaritzara ere bai, jakitera zertan dabiltzan, zer nolako asmoak dituzten, eta abar. Lehenagoan egindako batzarrean esan zen bide hori jada agortuta dagoela eta mobilizatzea tokatzen dela. Hala, datozen hitzorduen egutegia osatuko dugu orain.

Udalak igogailu berri bi eraikiko ditu orain artekoa ordezkatzeko, Erronda kaletik Solokoetxeraino. Zer iruditzen zaizue?

L.A.: Berriro azpimarratu nahi dugu guk nahi duguna orain arteko igogailua berriro zabaltzea dela. Hala ere, plataforman hitz egin dugu udalaren proiektuari buruz, eta dituen akatsak aztertu ditugu. Hasteko, bi kabina dira, eta orain artekoa, berriz, zuzenean igotzen zen. Horrez gain, puntu beltzak daude. Eta ez dugu ondo ulertzen geralekuen zergatia. Bata 7 Katu Gaztetxearen aurrean geratzen da, eta beste bat gaur egun itxita dagoen Hijas de la Cruz ikastetxearen atetik hurbil. Beste bat apur bat gorago; hori uler daiteke, Solokoetxeko eskailera mekanikoak dauden lekuko bizilagunentzat. Eta azkenengoa turistak etorri ohi diren begiraleku horretan amaitzen da.

Alegazioak egin dira eta oraindik ez dugu azalpenik jaso. Auzokideentzat dela esaten dute, baina zer dago horren atzean? Turismoa? Zergatik irteera horiek? 7 Katu gaztetxea zutik mantenduko da ala ez? Eskola itxita dago. Mojek saldu egiten badute, zer egingo dute? Asko dira erantzun gabeko galderak.

"Ez dute gurekin eztabaidatu edo komentatu nahi, proiektua dagoen bezala onartu behar dugu"

K.I.: Ez dute gurekin eztabaidatu edo komentatu nahi, proiektua dagoen bezala onartu behar dugu. Bada, gu ez gaude ados. Gainera, inguru horretan bizi garenontzako pentsa ezazu zer nolako kaltea, zarata eta intimitaterik eza dakarren. Izan ere, kabinak gardenak izango dira, eta jendeak ikusiko gaitu etxe barruan gaudenean. Jende pilaketak egongo dira, kabina txikiak baitira. Bestalde, 7 Katura iristean kabinaz aldatu behar da. Bada, demagun ez dagoela han, goian dagoelako. Orduan, itxaron egin behar da. Horrez gain, turistentzako igogailu bihurtuko da, hangoa Bilbon daukagun begiratoki politena baita, ziuraski. Dena den, hori ere aldatuko da. Orain esparru handia ikus daiteke, baina aurrerantzean soilik kabinak ikusiko ditugu gure aurrean.

M.T.: Horrez gain, pasabide luzeak egongo dira eta Solokoetxe institutuko ikasleen sarrerara bertara iritsiko da. Pentsatzen dugu agian ez dela ideiarik onena, agian erabilpen desegokia egingo delako. Eta, bestalde, ez da auzoraino iristen, oraindik geratuko bailitzaizkiguke beste 150 metro gehi 24 eskailera, eta ez dakigu tarte hori nola gaindituko duten. Guk ikusten duguna da proiektua nolabait ere planoaren gainean eginda dagoela, konponbide azkarra eta merkea emateko, inolako negoziaziorik barik. Eta uste dugu auzo honek merezi duela zerbait egokia, 6.000 biztanle baikara eta gainditu beharreko altuera esanguratsu samarra baitaukagu.

"Uste dugu auzo honek merezi duela zerbait egokia, 6.000 biztanle baikara eta gainditu beharreko altuera esanguratsu samarra baitaukagu"

K.I.: Hemen bazegoen aurreproiektu bat hau konpontzeko, eta horren kostua baino askoz ere txikiagoa zen. Ez dugu ulertzen zergatik ez diogun berriro heltzen horri eta zergatik egiten den horren partez beste igogailu berri bat, guk nahi ez duguna eta, gainera, garestiagoa dena.

M.T.: Eta ez dakigu zergatik ez dagoen martxan orain. Izan ere, ez zen itxi hondatu egin zelako. Beraz, beste gauza bat egin bitartean zergatik ez dago erabilgarri? Eskatu nahi dugu berehala zabaltzeko eta negoziazioak hasteko aipatutako bi instituzioen eta enpresa emakidadunaren artean.

Bilbobusen anezka da orain daukazuen alternatiba.

M.T.: Ordu erdian behin ateratzen da, ordainketa eskudiruz egin behar da eta 30 zentimo dira. Ez baduzu zenbateko hori eskudirutan, ezin zara igo. Eta, gainera, inolako geralekurik gabe. Unamunora arteko tartea osorik egin behar da derrigorrez. Jendeak kotxea hartzen du horregatik. Ez da konponbidea. Hilabete bateko kontua soilik balitz, agian, baina luze joko du.

K.I.: Gainera, autobusa oso txikia da eta, adibidez, ez dira bi gurpildun aulki sartzen.

M.T. Salduta gaude eta, gainera, ziur denborak luzatu egingo direla. Urtebete-urte eta erdi badiote, ziur gutxienez bi izango direla.

L.A.: Eta gertatu izan da Unamunon zain egon eta jendea sartu ezin izatea, leku faltagatik. Horrek dakarrena da beste ordu erdi itxaron behar izatea edo, bestela, eskailera guztiak igotzea.

"Autobus-anezka ez da konponbidea"

Auzokide gehienentzako eguneroko kontua da auzotik jaitsi eta atzera ere igo behar izatea, ez da hala?

M.T.: Auzo hau Alde Zaharraren eta Santutxuren artean dago, baina egia da hemen ez daukagula zerbitzu askorik. Baditugu besteei eskaintzeko gauzak; adibidez, anbulatorioa, udal musika eskola, osasun mentaleko zentroa, institutua, eskolak… baina eguneroko gauzak egiteko gorantza edo beherantza jo behar dugu. Esate baterako, ez dugu arraindegirik.

L.A.: Gainera, anbulatorioa aipatu dugunez, ez da soilik lehen arretakoa, espezialitateak ere badaude. Orduan, leku askotatik dator jendea, eta lehen hemengo igogailuak zerbitzu hori ematen zuen, jende asko metroan etortzen baitzen eta Unamunon igogailua hartzen baitzuen igotzeko. Eta, orain, enteratu gara jende asko taxiz datorrela.