ELA, LAB eta Kontseiluak bederatzi proposamen aurkeztu dizkiote administrazio publikoaren euskalduntzearen dekretuari

uriola.eus 2022ko ira. 26a, 16:30

Hiru eragileek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoen euskalduntzea lortu nahi dute 15 urteko epean. Administrazio publikoaren lanpostu guztietan "euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatu" edo "derrigortasun indizearen sistema gainditzea" dira proposamenak besteak beste.

ELA, LAB eta Euskalgintza Kontseiluak bederatzi proposamen sorta aurkeztu dituzte gaur goizean EAEko administrazio publikoaren euskalduntzea arautuko duen dekretuaren inguruan. Hamabost urtetan administrazioko lanpostu guztietan euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatu nahi dituzte. "Aurrerapauso garrantzitsuak egiteko ordua dela uste dugu eragileok", azaldu du Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak.

Prozesu honi data eta epe zehatz bat jartzearen arrazoia aurkeztu du Bilbaok. Datorren urteetan langile publikoen erdiak erretiroa hartzea "abagune aparta da" Kontseiluko idazkariarentzat administrazioa euskalduntzeko langile guztiei erreparatuko dien trantzisioarako prozesu batekin. Administrazioa euskalduntzea eta langileen eskubideak "bateragarriak" direla erakusten duen proposamena da hiruentzat. 

Honako hauek dira aurkeztu dituzten bederatzi proposamenak: helburu eta epe zehatzak ezartzea, langileen beharrezko hizkuntza gaitasuna, euskarazko zirkuituak eta unitateak sortzea, derrigortasun indizearen sistema gainditzea, langileak euskalduntzeko formazio programa sendoa (formaziorako baliabideak eta liberazioak), lan-poltsa eta deialdi berriak, langileen mugikortasunari buruzko irizpideak, hizkuntza-erabilera irizpideak, eta, azkenik, derrigortasun-data ez betetzearen ondorioak eta salbuespenetarako aukera.

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak azaldutakoaren arabera, lehenengo bost urtetan herritarrekiko "euskarazko harremana bermatu" nahi dute eta hamabost urtetan sektore publikoak euskaraz jardutea nahi dute. Epe horretan ere, lanpostuz lanpostu herritarren eta lankideekin duten harremanaren araberako hizkuntza-gaitasun zehatza definitu nahi dute. Hirugarrenik eta laugarrenik, euskarazko zirkuituak eta unitateak sortu eta derrigortasun-indizearen sistema gainditzea eskatu du hurrenez hurren Lakuntzak. 

Azken proposamena ez bada betetzen edo arautzen ez bada "beti geratuko da aukera sektore publikora beharrezko hizkuntza-gaitasunik ez duten langileak sartzeko", ELA-ko idazkari nagusiaren esanetan, horrek dakarren "gainkostuarekin". 

Gutxieneko maila

Euskara maila bat zehazteko asmoa azaldu du Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak: "Ezinbestekoa da lanpostuek deialdi berri guztietan B2 hizkuntza-eskakizuna, gutxienez, ezarrita izatea, eta lanpostuaren funtzioari edo betekizunari lotutako proba bat, gutxienez, euskaraz izatea". Hizkuntzaren ikaskuntzarako eta formaziorako programa sendoa garatzea beharrezkoa dela aipatu du Mitxel Lakuntzak. 

Langileen mugikortasuna kontuan hartzea eskatu du Aranburuk administrazioaren euskalduntze-prozesuari ahal den neurrian laguntzeko eta horretarako irizpideak finkatu behar direla azpimarratu du. Baita hizkuntzaren erabilera bermatzeko irizpideak ere. "Ezer gutxirako balio du hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeak eta dagokion gaitasuna duten langileak izateak, ondotik, langile horiek euren lan jarduna euskaraz garatzen ez badute", gogorarazi du LAB-eko idazkari nagusiak. Laburpen eran, eta proposamenen aurkezpenarekin amaitzeko bi balio azpimarratu ditu Aranburuk: "gehiengo zabal baten" babesa eta administrazioaren euskalduntzeari "epe zehatz eta egingarriak" jartzen dizkiola.

Euskalduntzeari oztopoak

Prentsaurrekoaren hasieran proposamenekin hasi aurretik bi gertaera gaitzetsi dituzte hiru eragileek. Gasteizko Administrazio Auzitegiak udaltzainen lan poltsaren sarbiderako euskarazko B2 maila egiaztatu behar izatearen aurkako ebazpena, bai eta Auzitegi Gorenak iaz Irungo Udalak udaltzainei hizkuntza-eskakizuna eskatzea atzera bota izanari aurkeztutako kasazio helegitea tramiterako onartu ez izana ere.

"Epaileek euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketen aurkako hizkuntza politika egiten jarraitzen dutela salatzen dugu hiru eragileok", aipatu du Paul Bilbaok. "Zirrikiturik gabeko araugintza sendoa behar dela gaineratu du eta onartu beharreko dekretuak "ausarta eta erabakigarria" izatea eskatu du.