Alarde Antifaxistarik ez aurten

uriola.eus 2022ko ira. 27a, 14:20
2021eko Alarde Antifaxista (Argazkia: Ecuador Etxea)

Azken urteotan urriaren 12an egin izan den ekimena amaierara iritsi da, eta aurten herritarrek ez dute gudari eta milizianoen desfilea irudikatuko. Dena den, oroimen historikoa berreskuratzeko asmoz sortu zen egitasmo zehatz honen kapitulua itxi bada ere, faxismoaren aurkako borrokak aurrera jarraitzen duela azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek.

Espainiako Festa Nazionala delakoa egiten da urriaren 12an, eta, hain zuzen, horri aurre egiteko asmoz egun bereko eguerdirako deitua bazegoen ere, azkenean bertan behera geratu da hitzordua, eta deitzaileek orain arteko bidea amaitzea erabaki dute, 2019az geroztik ekimenean lagundu eta hura posible egin duten guztiei eskerrak emanda.

“Alarde Antifaxista Oroimen Historikoa berreskuratzeko asmoz sortu zen, gaur egun faxismoari aurre egin zioten Gudari eta Miliziano haien oinordekoak garen Euskal Herriko familia politikoak berriro elkartzeko eta argi eta garbi esateko urriaren 12an antifaxistok ez dugula ezer ospatzeko, izaera espainolista, inperialista eta faxista nabarmeneko eguna delako”, adierazi dute Alarde Antifaxistaren amaieraren berri emateko zabaldu duten komunikatuan.

Gogorarazi dute joera ezberdinetako hainbat taldek (libertarioak, abertzaleak, komunistak, anarkistak…) hartu izan dutela parte alardearen antolaketan, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete guztiei: “Ibilbide labur baina bizia, zeinetan Antifaxista kontsekuenteok, sistema hau berritu ez ezik suntsitu egin behar dela uste dugunok, Bilboko kaleak hartu ditugun, denok bat izanik”.

Hala ere, oroimen historikoa lantzeko eta faxismoari aurre egiten jarraitzeko beharra azpimarratu dute, “datorren lekutik datorrela eta erabiltzen dituen arropak erabiltzen dituela”.