Norbanakoek Euskaraldian izena eman dezakete dagoeneko

uriola.eus 2022ko ira. 29a, 12:04

Belarriprest eta Ahobizi figurak itzuliko dira azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte egingo den ariketan, eta bezperara arte egongo da irekita norberak hartuko duen rola hautatzeko aukera. Atzo Kafe Antzokian egin zuten ekitaldian herritarrak animatu nahi izan zituzten beste behin ere euskararekiko konpromisoa hartzera.

Aurtengo Euskaraldirako bi hilabete baino gutxiago geratzen diren honetan, orain arteko edizioetan egondako rolak itzuliko dira, eta herritarrei erraztasunak jarri nahi izan dizkiete, ekimenarekin bat egin dezaten. Hala, aurreko edizioetan ahobizi edo belarriprest gisa izena eman zutenek parte-hartzea berretsi baino ez dute egin beharko, euskaraldia.eus webgunearen edota posta elektronikoan jasoko duten mezuaren bitartez.

Antolatzaileen esanetan, “beste behin ere, lortu nahi dugu herritarren hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskarak gero eta leku zabalagoa izan dezan”. Bada, izen-ematearekin batera belarriprest eta ahobiziei informazioa eta aholkuak emateko lanean jardungo dute herriz herri eta auzoz auzo osatutako batzordeek.

Norbanakoek ez ezik, entitateek ere badute Euskaraldian parte hartzeko aukera, beren burua Arigune gisa izendatuta. Hala egin nahi duten elkarte, denda, talde eta abarrek urriaren 31ra arteko epea izango dute izena emateko.

Kafe Antzokiko ekitaldia

Mirari Martiarenak eta Kepa Errastik gidatuta, ikuskizun-sortaz gozatu ahal izan zuten ikusleek, Euskaraldia hasi aurreko ospakizunean: musika, zirkua, bakarrizketak, herri batzordeetako kideen ekarpenak…

Bestalde, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria den Kike Amonarrizek hartu zuen hitza, eta zera azpimarratu zuen: “Euskal Herri osoa berraktibatzen ari dela ikusten ari gara. Itxaropentsu gaude, Euskaraldia indartsu datorrela eta aurten ere Euskal Herri osoan ariketa egingo duten milaka pertsona eta arigune prestatzen ari direla sumatzen baitugu. Beraz, gizarte osoari, gizarteko sektore eta erakunde guztiei dei egiten diegu aurtengo ariketan parte hartzeko. Euskaraldia, maila indibidualean nahiz kolektiboan erabilera-dinamikak abiatzeko edo indartzeko aukera paregabea da.

Amonarrizez gain, ordezkari instituzionalak ere igo ziren Kafe Antzokiko taula gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria eta Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo, zehazki. Euskaraldien aurreko edizioek geure hizkuntzari emandako bultzada aprobetxatu eta elkarlanean jarraitzeko deia egin dute.