Urrian eta azaroan grebarekin jarraituko dute BetiOn-eko langileek

uriola.eus 2022ko ira. 29a, 13:29

Telelaguntza zerbitzuko langileek hitzarmen kolektiboaren berriztapena negoziatu nahi ez izatea egotzi diote zerbitzuaren enpresa esleipenduna. 65.000 pertsonari arreta eskaintzen dion zerbitzua bihar geratuko da hautagai gabe eta egoera salatzeko mobilizazio ziklo gogorragoa irekiko dute grebalariek.

BetiOn telelaguntza zerbitzuko langileak 140 egun daramate greban eta beste bi greba hilabeteri ekingo diote enpresa esleipendunek, Tunstall, Televida, GSR eta IMQ taldeak, "ez dutelako negoziatu nahi". Grebalariek KPI errealari lotutako soldata-hobekuntzak eta soldatak Euskadiko sektore soziosanitarioarekin parekatuko dituen hitzarmen kolektibo berria eskatzen dute baina Koldo Uria LAB-eko ordezkariak esandakoaren arabera enpresek "borondate eza erakutsi dute".

Enpresek lizitazio lehiaketaren etendura jartzen dute aitzakiatzat, baina Koldo Uriak azaldu duenaren arabera BetiOn-eko langileek "alternatiba bat aurkeztu dute baina ez dute onartu". Era berean, Eusko Jaurlaritzari zuzendu dira zerbitzuaren titularra baita eta bihartik aurrera zerbitzua hautagai gabe geratuko da. "Beatriz Artolazabal sailburuari gogoratzen diogu ez bera ezta bere saileko inor ez dela guregana zuzendu eta ez dugula erantzunik jaso", salatu dute gaur goizeko prentsaurrekoan.

Enpresen gelditasuna salatzeaz gain haien sekretismoa salatu du LAB-eko kideak: "Aipatu behar dugu ez digutela haien egoera ekonomikoa azaltzen dituzten datuak ematen. Badakigu datu horiek agerian utziko lukeela lortzen dituzten irabazi handiak". 

Grebaren eraginak

BetiOn 65.000 erabiltzaile ditu baina grebaren ondorioz, 5.000 pertsona itxaron zerrendan daude eta zifra gero eta handiagoa izango dela uste du Uriak. LAB eta ELA sindikatuek ordezkatzen duten langileen batzordea irailaren 19an batu zen eta grebaren jarraipenaren balorazio positiboa egin ostean grebarekin jarraitzea erabaki dute. Bizitzen ari diren "egoera latza" aipatu du Uriak eta aldarrikapenak lortu arte geldituko ez direla aipatu du.