Sei ekintza prestatu ditu Darabilbok urrirako

uriola.eus 2022ko ira. 30a, 11:14

Errekalde aretoan bi bisita gidatu, tailer berria Santutxun, Kirola eta Natura ekimenaren irteera Gipuzkoara, beste tailer bat Indautxun eta azkenik Bilbo Zaharreko memoria taldearekin ibilaldia. Bestalde, Darabilboren Egunean Behin taldean sartzeko aukera dago.

Martxa hartzen ari da Darabilbo ikasturtearen hasierarekin batera eta urrirako egitarau oparo bat prestatu du publiko guztientzako. Hilaren 14an izango da lehen ekintza eta 28an, azkena. Egitarauaren barruan, Egunean Behineko taldean sartzeko aukera jarri dute. Darabilbo-BilbokoBerbalaguna taldean parte hartzeko nahikoa izango da 607530132 telefonora whatsappa bidaltzearekin. 

Errekalde aretoan bi bisita gidatu egongo dira. Lehenengoa, hilabetearen aurreneko ekintza, Irati Urrestarazuren eskutik helduko da urriaren 14an, 18:00etan. Artista eta komisarioak Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Ertibil Bizkaia erakusketaren bisita gidatuko du. Beste bisita gidatua, urriaren 28an izango da 10:00etan. Txus Melendezek, Luis Candaudap artistarekin egindako marrazki erakusketaren bisita gidatuko du.

Berrikuntza gisa, Albora-bidek egingo duen Tupper Sex tailerra izango da. Santutxuko AEK Euskaltegian egingo da hilaren 20an, 10:00etan. Urriaren 23an, Kirola eta Natura ekimenak irteera prestatu du Izarraitzeko mendigunera. Kakueta-Xaxate-Erlo mendietatik 11km-ko ibilbide zirkularra izango da. 09:30ean izango da irteera Azkoitiako Aittola aparkalekutik.

Urriaren 26an, On Ekineko neskak Indautxuko AEK Euskaltegian pintxo osasungarriak egiteko tailerra prestatu dute. Azkenik, urriaren 27an ibilaldi gidatu bat egingo da Bilbo Zaharreko memoria taldearen eskutik. Auzoko iraganetik etorkizunera joateko ibilbidea izango da Bilbiko plazatik hasita 18:30ean.