LABek Glovoko langileei ostalaritzako hitzarmen kolektiboa aplikatzeko borrokatuko du. Sindikatuak enpresaren praktikak salatu ditu eta kosta ahala kosta lan-harremana besteren konturako langile gisa aitortzea "saihesten" dutela kritikatu du. Rider-en "prekaritate absolutuarekin" amaitzea da LAB-en helburua.
Gatazka kolektiboak bi helburu nagusi izango ditu. Alde batetik, kontratazioan gertatzen ari den lege-iruzurra amaitzea eta haien lan-harremana aitortzea; besteren konturako langileak direla eta Araubide Orokorrean sartu behar direla onartzea; eta eskubideetan parekatu gainerako langileekin. Bestetik lan-baldintzak arautzeko esparru bat ezartzea, Negoziazio Kolektiborako eskubidea aitortuz.
Enpresa honetako langileak autonomoen erregimenean alta ematera behartuta daude baina Garbiñe Aranburu idazkari nagusia prentsaurrekoen aipatu duen moduan ez dute inolako autonomiarik: "Lan-ordutegi jakinik gabe, ezarritako soldatarik gabe, oporretarako eskubide arauturik gabe edo lan-osasunerako eskubiderik gabe". Zenbat eta entrega gehiago egin orduan eta diru gehiago lortzen dutenez, "langileek beren artean lehiatzeko" lan-sistema dela aitortu du Aranburuk.
Bigarren ondorioa da, negoziazio kolektiborako eskubidea kentzen dietela. Ez dute ordezkari sindikalak aukeratzeko eskubiderik eta modu honetan, defentsa kolektiborako tresnarik gabe geratzen dira. Digitalizazioarekin Glovo moduko plataformen bidez hainbat zerbitzu eskain daitezke eta horren ondorioz LAB sindikatuarentzat oso garrantzitsua da langileen eskubideei buruzko jarrera markatzea.
Bide posible guztiak
Sindikatuak hiru urte darama borroka honetan eta egoera salatzeko ahal izan dituen bide guztiak erabili ditu. Lan ikuskaritzan salaketak, epaitegietara jo, ekintza sindikala aktibatu edo sindikatuaren barruan kolektiboa antolatzeko pausoak eman dituzte eta idazkari nagusiak argitu duen moduan "irtenbideak planteatzen" jarraituko dute.
Rider Legeak berak berariaz jasotzen du besteren konturako langileak direla baina LABen ustez "lege hau motz geratu da bizikleta banatzaileen enpresen portaera onartezinak saihesteko erregulazioan". Bizkaiari dagokionez, Justizia Auzitegi Nagusiaren epai irmo bat dago, Glovoko langileak besteren konturako langileak direla, Langileen Estatutua aplikatzea eska dezaketela eta urtebeteko atzeraeraginarekin diru-kopuruen demanda bat has dezaketela aitortzen duena. Hala ere, Glovok "langileei presioa eta xantaia" erabiliz lan-harremana aitortzea saihestuz.
Praktika hauen ondorioz Glovo fiskaltzan salatu du LAB-ek eta horri esker lortzen ari diren epai judizialek Ostalaritzako Hitzarmenean sartzeko aukera bermatzen dute. Langile hauen eskubideak bermatzea lortu arte, LAB-ek ahal diren bide guztiak erabiltzen jarraituko du.