Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonnik jaso dituzte Gure Artea 2022 sariak

uriola.eus 2022ko urr. 5a, 12:09

Mari Puri Herrerok ibilbide artistikoa aitortzeko saria jaso du, Nora Aurrekoetxeak sorkuntza-lana aitortzekoa eta Consonnik arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzekoa. Sarien 40. urteurrena izan da aurtengoa.

Tabakaleran, Donostian, Gure Artean sariak jaso dituzte Mari Puri Herrero eta Nora Aurrekoetxea bilbotarrak eta Bilbon egoitza duen arte garaikideko Consonni ekoizleak. Sari hauen 40. urteurrena da eta arte plastiko eta bisualen arloan Euskadin ematen diren saririk garrantzitsuenak dira. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren hitzetan "Artearen euskal sistemaren ikur".

Damaris Pan, Fernando Pérez, Jesus Mari Lazkano, Maite Garbayo eta Mikel Lertxundik osatu duten epaimahaia Mari Puri Herreroren ibilbide artistikoa aitortu nahi izan dute, beraren "obra zabalagatik" eta izandako "kalitate artistiko bikainagatik". Artearen hainbat arlotan egindako lana eta ikerketa ere azpimarratu nahi izan dute.

Ibilbide oso bati saria

Artista bilbotarra mende erdia baino gehiago egon da artearen munduaren barne eta oraindik horretan dago: "Jardunean jarraitzen duen sortzaile berezia da eta bere obra irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Bere obrak figurazio liriko, poetiko bat islatzen du eta erreferentzia sinbolikoz betea dago”. Herrero, forma tradizionalak eta asmo abangoardistak uztartu izanagatik nabarmendu da. 

Gaur egungo artearen ordezkari

Nora Aurrekoetxea, sorkuntza-lana aitortzen duen sariaren irabazlea "egungo euskal kulturaren ordezkari nagusietako bat da" epaileentzat. Eskulturaren arloan aditua da eta nagusiki instalazioen sorkuntzan oinarritzen du bere lana. Testua, performancea eta objektuak sortu, eraldatu edo testuingurutik ateratzen ditu, bere azterlanekin lotutako gaiei buruzko hausnarketa sakonen zerbitzura jartzeko. 

25 urte ekoizten

Azkenik Consonni argitaletxe espezializatuak jaso du hirugarren saria. Arte garaikideko ekoizleak hogeita bost urte daramatza euskal artearen panoraman lanean, eta Estatuan ezaugarri horiek biltzen dituen bakarra da. Epaimahaiaren esanetan "kultura kritikoaren ekoizpena".

Esparru hori hainbat testuingurutan lantzen du ehunka jarduera sortu eta bultzatuta, testuinguruko agenteak, publikoak eta artistak erlazionatuta, lurralde-ikuspegi zabal, estetiko eta politiko batetik, artearen eremuari eta haren ertz desberdinei lotuta. Consonni artistei ekoizpen-prozesuetan laguntzeko asmoz sortu zen.

Sari handiagoa

Sorkuntza lana aitortzeko saridunak eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saridunak 18.000 euro jasoko dituzte bakoitzak eta ibilbide artistiko aitortzeko saridunak berriz, 20.000 euro jasoko dituzte, aurreko urteetan baino 2.000 euro gehiago.